Ekonomia -
Auzitegi Konstituzionala
Lanaldi partzialeko langileen pentsioa kalkulatzeko araua baliogabetu dute
Konstituzionalak ebatzi du arauak emakumea diskriminatzen duela. Europar Batasuneko epaileek maiatzean ohartarazi zuten araua bidegabea izan zitekeela.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Espainiako Auzitegi Konstituzionalak baliorik gabe utzi du lanaldi partzialeko beharginen pentsioa kalkulatzeko araua, "emakumea diskriminatzen duelako". Datu ofizialen arabera, lanaldi partzialetarako kontratatutako langileetatik % 70 emakumezkoak dira.
Halaber, lanaldi osorako kontratatuta dauden langileekin alderatuz gero, lanaldi partzialetarako beharginak diskriminatuta daudela dio ebazpenak. Hortaz, kasu honetan emakumeek diskriminazio bikoitza jasaten dute: emakume izateagatik eta lanaldi partzialerako kontratuak izateagatik.
"Zeharka bada ere, arau horrek emakumeak diskriminatzen ditu, lanaldi partzialetarako kontratutako langileen gehiengoa emakumeak direlako", dio epaiak.
Gainera, kontratu mota horrekin kotizazio-epea murrizten dela eta horrek pentsioa kalkulatzerakoan eragina duela, baina lanaldi osorako beharginen kasuan ez dela berdin jokatzen gogoratzen dute magistratuek.
Horrenbestez, lanaldi partzialetan ari diren langileek Gizarte Segurantzaz baliatzeko aukera berdinak ez dituztela eta diskriminazio hori emakumeek bereziki pairatzen zutela ondorioztatu du Konstituzionalak.
Nolanahi ere, erabaki judizial honek atzeraeraginik izango ez duela zehaztu dute.
Joan den maiatzean, Europar Batasuneko Justizia Auzitegiak lanaldi partzialetarako langileen pentsioak kalkulatzeko araua berrikusi behar zuela ohartarazi zion Espainiari, emakumea diskriminatu zezakeela iritzita.