Ekonomia -

Lan gatazka

Zer egin Bilboko Aireportuko grebak nire hegaldiari eragiten badio

Kontsultatu hemen jarraitu beharreko urratsak zure hegaldia bertan behera geratu bada.

Kolak Loiuko aireportuan. Argazkia: EFE
Kolak Loiuko aireportuan
Kolak Loiuko aireportuan. Argazkia: EFE

eitb.eus

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Loiuko aireportuko langileek hainbat greba egun deitu dituzte uda honetarako. Eta aire-konpainiak grebaren erantzule zuzenak izan ez arren, hegaldiak bertan behera uztearen ondorioz kaltetutako bidaiariei lagundu behar dietela gogorarazi du FACUA Euskadik.

Erreklamatu enpresako Oscar Sanchez abokatuaren esanetan, konpainiak txartelaren truke ordaindutako dirua itzuli edo ordezko garraio bat eman behar die bidaiariei. “Garraioa zure kabuz hartuz gero, bidaiaren zenbatekoa ordaindu beharko dizute”, gaineratu du.

Bidaiariak kalte-ordainak eskatu ahal ditu hotelak, lekualdatzeak edo alokairuko ibilgailuak kontratatu eta grebaren ondorioz galdu baditu, baita bestelako kalte batzuk ordaintzeko ere.

Gainera, hegaldien zain dauden bitartean behar dituzten jatekoak eta edatekoak ere ordaindu behar dizkiete aire-konpainiek kaltedunei.

Hala ere, kontsumitzaileen elkarteek erreklamazioak Aenaren bulegoetan ere aurkeztea gomendatzen dute, aire-konpainiak ez baitira erabiltzaileei eragindako kalteen erantzule zuzenak.

Sustapen Ministerioak gutxieneko zerbitzuak zehaztu ditu: Espainiako hirietara joateko hegaldietan, zerbitzu minimoak % 32koak dira, horietara beste medio batzuen bidez iristeko bost ordu baino gutxiago behar badira, eta % 57koak, bost ordu baino gehiago behar badira. Kanarietara eta Balearretara joateko hegaldi guztiak bermatu ditu.

Ekitea eta konpainiarekin harremanetan egotea gomendatu dute Erreklamatu abokatu-bulegotik, beste 17 greba-egun deitu baitituzte.

_______________________________________________________________

Erabiltzaileen eskubideak hautsi direla uste bada erreklamazio bat aurkeztu daiteke honako pausuak jarraituz:

1. Erreklamazio bat jartzea dagokion aire-konpainiari. Konpainiek informazio erakusmahaietan edo txartelen salmenta puntuetan izan behar duten erreklamazio orrien bidez egin daiteke. Erreklamazioa erabiltzaileen arreta sailari zuzendu behar zaio. Horrez gain, txartela eta erabilitako gainerako dokumentuak ere gorde beharko dira.

2. Hilabeteko epean ez bada konpainiaren erantzunik jasotzen, edo erantzunarekin ados ez egotekotan, erreklamazio bat aurkeztu daiteke AESAren bulegoetan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bilboko Aireportua Bizkaia Grebak Gizartea Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Lan gatazkak