Ekonomia -

Lan gatazka

Greba eta lanuzteak deitu dituzte berriro Bizkaiko igerileku eta kirol zentroetan

ELA, LAB, CCOO eta UGT sindikatuek egun osoko greba deitu dute ostiralerako. Horrez gain, lau orduko lanuzteak daude iragarrita ostegunerako eta datorren asteko hiru egunetarako.

Udal igerilekuak, irudian Bilboko Rekalde auzokoak, itxita egon litezke ostiralean. EFE
Bilboko Rekalde auzoko udal igerilekuak.
Udal igerilekuak, irudian Bilboko Rekalde auzokoak, itxita egon litezke ostiralean. EFE

EITB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Bizkaiko igerilekuetako eta kirol zentroetako beharginentzat "lan baldintza duin batzuk eskatzeko", egun osoko greba deitu dute ostiralerako, uztailaren 5erako, ELA, LAB, CCOO eta UGT sindikatuek. Horrez gain, lau orduko (txandako, bi ordukoak) lanuzteak daude iragarrita uztailaren 4, 9, 10 eta 13rako.

Langileek mobilizazioak egin dituzte azkeneko asteetan. Joan den ostegunean, esaterako, egun osoko greba egin zuten, beroaldiak gogorren jo zuen egunetako batean. Grebak "igerilekurik gabe utzi zuen Bizkaia", ELAren hitzetan.

Kirol zentroen langileen baldintzak hobetzea dute xede sindikatuok. LABeko iturriek eitb.eus-i azaldu diotenez, eskakizunak bi ardatzen inguruan egin dituzte: batetik, lanaldia 35 ordura igotzea (eskakizun horrek ez du presarik, eta progresiboki igotzea proposatu dute), eta bestetik, enpleguaren kalitatea hobetuko duten neurriak hartzea: prestakuntzarako eta atsedenerako tartea handitzea, lanpostuak egonkortzea, soldatak egokitzea...

"16 hilabete daramatzagu negoziatzen eta blokeoa dugu gaur gaurkoz", erantsi dute. LABen esanetan, ostegunean dute, grebaren bezperan, CEBEKeko ordezkariekin bilera. Azkeneko batzarrean "maximoen proposamen" batekin joan zitzaien patronala, eta ez dute uste hortik mugituko direnik. Hala gertatuko balitz, uztailean mobilizazio gehiago egiteko asmoa dute langileek.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bakio Bermeo Bilbo Getxo Portugalete Santurtzi Sopela Bizkaia Barakaldo Mungia Grebak Lana Gernika-Lumo Ekonomia Eguneko albisteak Lekeitio Durango Arrigorriaga Balmaseda Albisteak Abanto Abadiño Urduliz Igorre Lan gatazkak Kiroldegiak gaur