Ekonomia -
LANGABEZIA
3.417 langabe gutxiago zenbatu dituzte ekainean Hego Euskal Herrian
EAEn 2.530 pertsona gutxiago daude lan bila, eta 887 gutxiago Nafarroan, maiatzeko datuekin alderatuta.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Hego Euskal Herriko enplegu zerbitzu publikoek 3.417 langabe gutxiago zenbatu dituzte ekainean, maiatzeko datuekin alderatuta, Espainiako Gobernuk gaur jakinarazi dituen azken datuen arabera. Guztira, 141.722 langabe zeuden Hego Euskal Herrian ekainean.
Zehatz-mehatz, 2.530 pertsona gutxiago (-% 2,22) daude lan bila Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE), maiatzeko datuekin alderatuta. Urtebetean, hau da 2018ko ekainetik, 9.142 pertsona gutxiago daude langabezian (-% 7,59).
Datuak lurraldez lurralde aztertuta, Bizkaian 1.040 langabe gutxiago izan dira ekainean, aurreko hilabeteko datuekin alderatuta (- % 1,60), 354 pertsona gutxiago Araban (- % 1,86) eta 1.136 pertsona gutxiago (- % 3,80) Gipuzkoan. Guztira, 63.913 langabe zeuden ekainean Bizkaian, 28.797 Gipuzkoan eta 18.633 Araban. Urte arteko datuei erreparatuta, 5.524 pertsonak topatu dute lana Bizkaian, 2.564 pertsonak Gipuzkoan eta 354 pertsonak Araban.
Nafarroari dagokionez, 887 langabe gutxiago (-% 2,84) daude, eta 30.376 pertsona daude lanik gabe. Azken urtebetean, langabeziak % 5,23 egin du behera (1.678 langabe gutxiago).
Espainiako datuei dagokienez, 63.805 langabe gutxiago izan dira ekainean, aurreko hilabeteko datuekin alderatuta. Hala ere, 2009tik ekainean izandako beherakadarik txikiena da. Guztira, 3.015.686 langabe zenbatu zituzten Espainian ekainean, 2008ko azarotik izandako zifrarik txikiena.
Eusko Jaurlaritzak iraupen luzeko langabeziaren jaitsiera azpimarratu du
Beatriz Artolazabal Eusko Jaurlaritzako Lan eta Gizarte Politikako sailburuak ekaineko langabezia datuen balorazioa egin du. Haren esanetan, azken hilabetean iraupen luzeko langabezia % 1,8 jaitsi izanak erakusten du susperraldi ekonomikoa egoera kronifikatuan dauden pertsonei aukerak eskaintzen ari dela.
Artolazabalek azpimarratu duenez, langabeziak arlo guztietan egin du behera, bereziki, 45 urtetik gorakoen eta iraupen luzeko langabetuen artean.
Bestalde, gazteei "kalitatezko enpleguak" eskaintzearen alde agertu da, bizitza autonomo bati hasiera eman diezaioten. "Lana da gizarte aurreratu eta kohesionatu baten oinarria", gaineratu du.