Ekonomia -
2020ko aurrekontuak
Azpiazuk gaur itxiko du, EH Bildurekin, aurrekontuei buruzko bilera sorta
Sailburua 2020ko aurrekontuen ildoa ari zaie azaltzen oposizioko alderdiei; beraz, ez da negoziazio fasea hasi oraindik.
agentziak | erredakzioa
Pedro Azpiazu Eusko Jaurlaritzaren Ekonomia eta Ogasun sailburuak asteartean itxiko du, EH Bildurekin, 2020ko aurrekontuen ildoari buruzko azalpenak oposizioari emateko bilera-sorta.
Aste honetan bertan, Elkarrekin Podemosekin eta PPrekin batzartu da sailburua. Koalizio abertzalearekin, berriz, 12:00etan elkartuko da, Lakuan.
EH Bildurekin batzarra egin ondotik, Azpiazuk agerraldia egingo du hedabideen aurrean Lakuan, 13:30ean.
Sailburua 2020ko aurrekontuen ildoa ari zaie azaltzen oposizioko alderdiei; beraz, ez da negoziazio fasea hasi oraindik. Ildoa ekainaren 11n onartu zuten, eta aurrekontuetan % 3 inguruko gorakada izango dela aurreikusi zuten.
Eusko Jaurlaritzaren aurreikuspenen arabera, Jaurlaritzaren gobernu kontseiluak urriaren 22an onar dezake aurrekontu proiektua, eta urriaren 25ean Legebiltzarrera bidali.
EH Bilduren esanetan, "espiritu eraikitzailea" eramango du hitzordura, eta "elkarrizketa eta akordiorako gogo zintzoa" eskainiko dio Jaurlaritzari. Koalizioak aurrekontuak berritzeko borondatea erakutsi du azken egunotan, baina dagoeneko aurreratu du ildoarekin ez duela bat egiten, eta ituna lortu nahi badute herritarren "bizitza hobetuko duten neurriak" hartu beharko dituela.