Ekonomia -

Lan gatazka

20 hegaldi bertan behera utzi dituzte Loiuko aireportuan, lehen greba egunean

Enpresa batzordearen arabera, goizeko txandan % 100ekoa izan da jarraipena. Salatu dutenez, bestalde, bi hegalditan ez dira errespetatu ezarritako gutxieneko zerbitzuak.

Loiuko Aireportua. Argazkia: EFE
Loiuko aireportua
Langile gehiago behar direla salatzen dute Loiuko aireportuko langileek

1:24

agentziak | erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Lan kargaren gorakada salatzeko uda honetarako deitutako 18 greba egunetako lehenengoa dute gaur Bilboko Aireportuan (Loiu) Aenako eta Enaireko langileek. Aenako iturriek baieztatu dutenez, gutxienez 20 hegaldi bertan behera geldituko dira egunean zehar.

Bertan behera utzitako hegaldiak jatorria edo helmuga Madril, Bartzelona, Frankfurt, Munich, Paris eta Amsterdam dutenak dira.

Hala ere, Aenak ez du baztertzen egunean zehar hegaldi gehiago bertan behera gelditzea. Greba batzordeak egindako aurreikuspenen arabera, 26 hegaldi geldituko dira bertan behera lehen egun honetan.

% 100eko jarraipena, sindikatuen esanetan

Enpresa batzordeak jakinarazi duenez, lehen greba egun honetan % 100ekoa izan da jarraipena, goizeko txandan. "Sustapen Ministerioak gutxieneko zerbitzuen inguruan emandako ebazpenak babestuta ez zeuden bi hegaldi baimendu ditu" Bilboko Aireportuak, horren arabera, eta urraketa hori salatu egingo dutela esan du.

Gainerakoan, Sustapen Ministerioak babestu ez dituen hegaldiak bertan behera utzi dituzte "konpainia gehienek", sindikatuen esanetan, eta "Madril jomuga edo jatorria duten hegaldi batzuk" bertan behera geratuko direlakoan daude.

Ohar batean azaldu dutenez, "suhiltzaileak eta mantenu eta operazio lanetan dauden langileak" bakarrik batu dira gutxieneko zerbitzuetara.

Gainera, "objektu galduen eta erreklamazioen Aenako mostradoreak itxita daude, bidaiariei arreta ematen dieten langileen % 100k greba egin baitute".

Lan kargak gora egin duela salatu dute

Bizkaiko Aireportuko langileen batzarrak aurreko astean erabaki zuen egun osoko grebak egitea uztailaren 1ean, 7an, 14an, 21ean, 25ean, 28an eta 31n, eta 18:00etatik 00:00etarako lanuzteak uztailaren 15ean eta 24an. Halaber, egun osoko grebak egingo dituzte abuztuaren 4an, 11n, 15ean, 18an, 25ean eta 31n, eta sei orduko geldialdiak izango dira abuztuaren 1ean eta 14an. Azkenik, irailaren 1ean egun osoko greba egingo dute.

Guztira 169 dira grebara deitutako langileak, Enairekoak eta Aenakoak. CCOO, ELA, LAB eta USO sindikatuek deitutako protestarekin lan kargaren gorakada salatu nahi dute, hegaldi eta bidaiari kopuruak gora egin duelako.

Sustapen Ministerioak % 32ko zerbitzu minimoak ezarri ditu penintsulako gainerako hiriburuekiko loturetan, garraio publikoz 5 ordutik beherako bidaia egitea dagoen kasuetan, eta % 57ko zerbitzu minimoak hortik gorakoetan.

Era berean, zerbitzu minimoak % 100ekoak izango dira penintsulaz kanpoko lurraldeetara doazen hegaldien kasuan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Loiuko Aireportuko Albisteak Grebak Lana berriak Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Lan gatazkak