Ekonomia -

Berankorren zerrenda

268 zergapekok 823 milioi euroko zorra dute EAEn

Datuak lurraldez lurralde aztertuta, Bizkaia berankor gehien izan dituen lurraldea da. Gehien bat, porrot egin duten enpresak dira, higiezinen eta eraikuntzaren sektorekoak.

100 euroko billeteak eta kreditu txartel bat. Argazkia: Pexels.com
100 euroko billeteak eta kreditu txartel bat
100 euroko billeteak eta kreditu txartel bat. Argazkia: Pexels.com

Agentziak | erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Guztira, 268 zergapekok 823 milioi euroko zorra dute EAEko Ogasunekin, iaz baino bi zergapeko gutxiago. Foru aldundiek berankor handien zerrenda kaleratu dute, ogasunek orain arte argitaratu duten laugarrena.

2018ko abenduaren 31n Foru Ogasunari milioi bat euro baino gehiago zor zioten subjektu fisiko edo juridikoak identifikatu dituzte Gipuzkoako, Bizkaiko eta Arabako aldundiek agiri batean.

Datuak lurraldez lurralde aztertuta, Bizkaia berankor gehien izan dituen lurraldea da. Guztira, 165 zergapekok 466 milioi euroko zorra dute Bizkaiko Ogasunarekin.

Gehien bat, porrot egin duten enpresak dira, higiezinen eta eraikuntzaren sektorekoak. Hala ere, zordun berriak ere badaude; esaterako, Bilbao Basket taldea kudeatzen duen enpresa, 3,4 milioi euro zor baititu.

Jabyer Fernandez, Iurbenorreko jabe zerrendako lehen tokian dago, 52,3 milioi euroko zorrarekin; ondoren, Moldis Echarro enpresa eraikitzaileak 20,4 milioi euro zor ditu.

Industrias Domesticas enpresak 17,9 milioi euro zor ditu; eta, Abaroa higiezinen agentziak, 16,7 milioi; Baenak, berriz, 11,2 milioi zor ditu eta Mondragon taldeko Edesak, 11,3 milioi.

Araban, guztira, 37 zergapeko daude eta 119 milioi euro zor dituzte. Lurralde honetan izandako berankortasuna 2018koa bainoa txikiagoa izan da; 42 zergapeko eta 122,6 milioi eurokoa izan baitzen iazko zorra.

Porrot egin edo hartzekodunen konkurtsoan dauden enpresak dira gehien bat zordunak. % 18, berriz, hartzekodunen konkurtsoan ez dauden zergapekoak dira.

Zerrendan 8,5 milioi euroko zorra duten hiru pertsona fisiko agertzen dira.

Enpresen harira, Goya setenta y nueve enpresak 17,1 milioi zor ditu; Ros Casares Centro del Acerok, 10,5 milioi; Urko-Urbasa UTEk, 11 milioi; eta, Eguren Vitoriak, 9,2 milioi.

Gipuzkoan, 66 zergapekok 237,9 milioi euroko zorra dute Gipzukoako Ogasunarekin. Aurreko ekitaldiarekin alderatuta, 54,1 milioi euro gutxiagoko zorra, hain zuzen.

Aurreko zerrendarekin alderatuta, 3 zergapeko berri sartu dira sailkapenean, 4,4 milioiko zorrarekin. 14,5 milioiko zorra zuten beste sei zergapeko, berriz, zerrendatik atera dira.

Jose Ramon eta Juan Miguel Osinalde Echaniz zerrendako lehen tokian daude, bakoitza 31,4 milioi euroko zorrarekin; ondoren, Commodities and investments enpresak 22,9 milioi zor ditu; Fagor Etxetresnak konpainiak, 8,1 milioi.

Iruzur Fiskalaren Aurka Borrokatzeko Planaren baitan jasota dauden ekimenen artean, zerrenda hau argitaratzea dago, eta iruzur fiskala saihestea eta herritarren kontzientzia fiskal kolektiboa sendotzea du helburu, iruzurrari aurre egiteko eta zigortzeko ekintzak osatzeko, agirian emandako azalpenen arabera.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak