Ekonomia -
PP-ren abstentzioarekin
DSBE aldatzeko EAJren eta PSE-EEren proposamena tramitera onartu du Legebiltzarrak
Arauaren tramitazioa ostegun honetako osoko bilkuran abiatzea ahalbidetu du Alderdi Popularraren abstentzioak.
Agentziak | Erredakzioa
Diru-sarrerak bermatzeko errenta (DSBE) aldatzeko, EAJren eta PSE-EEren lege-proposamenaren tramitazioa abiatzea adostu du Eusko Legebiltzarrak ostegun honetan. Ekimenak urtebete eman du geldirik, baina PPren abstentzioak tramitera onartzea ahalbidetu du orain.
Eusko Jaurlaritzari babesa ematen dioten bi alderdiek aurkeztutako lege-proposamena tramitera onartu du Gasteizko Ganberak. Bi alderdiek ez dute gehiengoa Legebiltzarrean. EH Bilduk eta Elkarrekin Podemosek kontrako botoa eman dute.
Duela urtebete eztabaida atzeratzea erabaki zuten EAJk eta PSE-EEk, adostasun zabalagoa lortu nahian; izan ere, orduan tramitazioa abiatzeko babes nahikorik ez zuen, eta eztabaida eguneko gai-zerrendatik kendu zuten.
Arauaren tramitazioa ostegun honetako osoko bilkuran abiatzea ahalbidetu du orain Alderdi Popularraren abstentzioak.
Pentsiodunei diru-sarrerak bermatzeko errenta bat sortzea planteatu dute EAJk eta PSEk proposamenean; pentsiorik baxuenak dituztenei gutxieneko baliabideak ziurtatzeko. Gehienez 784,88 euro izango lirateke familia bateko kide bakarrarentzako.
Era berean, bizikidetzako unitate bakoitzeko diru-sarrerak bermatzeko errenta bat ematea planteatzen du. Etxebizitza batean bizi diren pertsona guztiek osatuko lukete unitatea, "harreman juridikoa, afektiboa edo familiarra kontuan hartu gabe".
Diru-laguntzen zenbatekoa zehazteko, Gutxieneko Gastu Komunen Adierazle bat finkatzea proposatu dute bi alderdiek, eta Eusko Jaurlaritzak, gutxienez lau urterik behin, balio hori eguneratzeko txosten bat egingo luke. Urtero Euskadiko aurrekontu orokorretan ezarriko lukete, eta hasiera batean 455 eurokoa izango litzateke.
Proposamenaren arabera, bizikidetzako unitate baten kide bakarrarentzako DSBEren gehienezko zenbatekoa 659,75 eurokoa litzateke. Kopuru hori areagotuko litzateke, diru-laguntzaren jabeak ardurapean dituen pertsonen arabera, adingabeak, adinekoak, desgaitasunen bat duten pertsonak eta indarkeria matxistaren biktimak, besteak beste.
Bi diru-laguntzak eskuratu ahal izateko, pentsiodunena eta diru-sarrerak bermatzekoa, baldintza batzuk bete beharko dira: gutxienez 23 urte izatea; aldez aurretik gutxienez hiru urte erroldaturik ematea, bi adingabeen edo laguntzapeko pertsonen kasuan; eta gutxienez bost urte lan ordainduan jardun izana.