Ekonomia -

Aurrekontuak 2020

Elkarrekin Podemos eta PPren baldintzak entzun ditu Azpiazuk bilera sortaren hasieran

2020ko aurrekontu proiektuak politika "eraldatzaileak" jasotzea eskatu dio Elkarrekin Podemosek sailburuari. Errenta baxu eta ertainen PFEZa jaistea eskatu du PPk.

Pedro Azpiazu, Antonio Damborenea eta Laura Garrido. Argazkia: EFE
Pedro Azpiazu, Antonio Damborenea eta Laura Garrido
Pedro Azpiazuk hasi ditu aurrekontuak negozitzeko lehen kontaktuak

1:37

agentziak | erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

2020ko aurrekontu proiektuak politika "eraldatzaileak" eta "prebentiboak" jasotzea eskatu dio Lander Martinez Elkarrekin Podemoseko bozeramaileak Pedro Azpiazu Ogasun eta Ekonomia sailburuari, Euskadin desoreka ekonomikoekin bukatzeko.

Martinez sailburuarekin bildu da asteazken honetan. Azpiazu bilera sorta egiten ari da, datorren urteko kontuen ildo ekonomikoak oposizioari azaltzeko.

Oraindik egin gabe dauden aurrekontuen inguruan jarrera bat zehaztea ezinezkoa dela argi utzi du koalizio moreko legebiltzarkideak, baina ildoetan aurreikusitako "erronka" batzuekin ados agertu da. Beste arazo batzuk faltan botatzen dituztela azaldu du Martinezek. Hiri eta landa eremuaren arteko "lurralde arrakala" eta beste krisi ekonomiko bati aurre egiteko Euskadiren gaitasuna aipatu ditu.

Zentzu horretan, aurrekontua politika "aringarrien" isla izango ote den, edo alderantziz, "desorekak sortzen dituzten osagaiekin bukatzeko" ekintza "prebentibo eta eraldatzaileak" proposatuko dituen argitzeko eskatu dio koalizioak Azpiazuri.

"Gure apustua osagai horiekin amaitzea da eta ez bakarrik aspirinak edo tiritak erabiltzea", azpimarratu du Martinezek. Elkarrekin Podemoseko bozeramailearen ahotan, Euskadi "XXI. mendeko erronkei" aurre egiten prestatuko duten aldaketak bildu behar dituzte aurrekontuek.

Martinez: "Gure apustua osagai horiekin amaitzea da eta ez bakarrik aspirinak edo tiritak erabiltzea"

Anton Damborenea PPk Euskadin duen Ekonomia bozeramaileak Eusko Jaurlaritzari ohartarazi dio 2020ko Aurrekontuekin lotuta popularrekin akordioa erdietsi nahi badu, pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren (PFEZ) jaitsiera bultzatu beharko duela, bereziki, "errenta baxu eta ertainena".

Damboreneak baldintza hori jarri dio Ekonomia eta Ogasun sailburuari, Jaurlaritzak oposizioko alderdiekin egingo duen bilera sorta ireki duen hitzorduan.

Batzar horren ostean, komunikabideen aurrean, PPko ordezkariak deitoratu du Jaurlaritzak ez dakiela zer nahi duen, Aurrekontuen aferari dagokionez.

"Edozeinekin itunak adostea" aurpegiratu dio Damboreneak Jaurlaritzari

Hain zuzen ere, "edozeinekin itunak adostea" aurpegiratu dio. "Ez da normala interesen arabera batzuekin kontu bat eta besteekin beste bat hitzartzea", salatu du Damboreneak, PPk, EH Bilduk eta Elkarrekin Podemosek ekonomia gaietan dituzten desadostasunak gogora ekarrita.

PPko legebiltzarkideak azpimarratu du bere alderdiak ongi asko dakiela zer nahi duen. Modu horretan, 2020ko Aurrekontuen behin-behineko babesa baldintzatu du, erreforma fiskalaren afera mahai gainean jarrita.

Bukatzeko, Damboreneak ziurtatu du PPk ez duela zergen igoera aurreikusten duen proposamenik babestuko, ezta presio fiskalaren hazkundean oinarritutako konturik ere. Hori dela eta, Andoni Ortuzarrek Pedro Sanchezen inbestidurarako negoziazioekin lotuta egindako adierazpeni erantzunez, argi utzi du PP ez dela EAJren "mozolopintoa" izango, datorren urteko kontuak onartzeko orduan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Eusko Jaurlaritza Ekonomia Euskadiko PP Eguneko albisteak Albisteak EAEko Aurrekontuak