Ekonomia -

Udaltzaingoa

15 egun barru 236 udaltzainek plaza izango dutela esan du Jaurlaritzak

Bestalde, udaltzainen lanpostuak Lan Eskaintza Publikoen bitartez finkatzea eskatu dute sindikatuek.

Gasteizko Udaltzaingoa. Irudia: EiTB.
Gasteizko Udaltzaingoa.
Gasteizko Udaltzaingoa. Irudia: EiTB.

eitb.eus

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Josu Erkoreka Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuaren arabera, Auzitegi Gorenaren epaia udaltzainen behin behinekotasunari buruz "etxeko lanak eginak ditugula harrapatu gaitu", Eusko Jaurlaritzak egoera arintzeko lan egin duelako.

Udaltzaingoaren agenteak bitarteko izaeran izendatzea legearekin bat ez datorrela ebatzi du Auzitegi Gorenak. Erabaki horrek Euskal Autonomia Erkidegoko 610 udaltzaini eragingo lieke.

"Arazo txikia da, urteak daramatzagulako udaltzainak prestatzen", esan du Jaurlaritzaren bozeramaileak. Erkorekak azaldu duenez, Udaltzaingoaren 236 agente Akademiatik irtengo dira plazarekin "hamabost egunean", eta urrian, beste 276 pertsona sartuko dira formazioa egiteko.

Eusko Jaurlaritzak eta Eudelek Gorenaren epaia aztertuko dute egoera berria zein den jakiteko. Bereziki, bihar onartzekoa den Poliziaren Legeari nola eragiten dion ikusiko dute, lege horretan "polizia laguntzailearen" figura jasotzen baita.

Oposaketak deitzea eskatu du ErNEk

Euskal Autonomia Erkidegoan behin behinean lanean dauden 610 bitarteko udaltzaini eragiten diela nabarmendu du ErNE sindikatuak. Espainiar Estatuan 30.000 direla esan du.

Roberto Seijo idazkari orokorraren arabera, ebazpen horren ostean, udalek bi hilabeteko epea dute epaia betetzeko. Beraz, printzipioz, abuztuaren 25era arte udaltzainen bitartekotasun hori mantendu dezakete. "Gorenari epe hori luzatzeko erreguzko eskaera egin ahal diote, segurtasun publikoko beharrak argudiatuta, baina ezingo lukete egoera gehiegi luzatu", adierazi duenez.

"Udaletako kudeatzaileena da gaur egungo egoeraren erantzukizuna, Auzitegi Gorenaren epai batek izan zitzakeen ondorioak ezagutzen zituztelako. Haiek dira langile falta posible baten erantzuleak", nabarmendu dute.

Horregatik, udalei "lehenbailehen" Lan Eskaintza Publikoak deitzea eskatu diete, eta horietan behin behineko udaltzainek egindako lanak meritu bezala kontuan izatea, Udaltzaingoan karrerako funtzionario gisa sartu ahal izateko eta "prekariotasunarekin" bukatzeko.

Zentzu horretan, "egonkorrak" izan behar diren lanpostuetan behin behineko langileak lan poltsen bidez mantentzeko erakunde publikoen "akatsa" salatu du sindikatuak, eta esan duenez, egoera horrek "eragin handiagoa du Polizian, segurtasun eta indar publikoaren erabilera eramaten duten pertsonal direlako". "Legez karrerako funtzionarioak izan behar dira, dagokion oposaketa igarota", azpimarratu du.

Lan postuak finkatzea eskatu du ELAk

Udalei eta Eusko Jaurlaritzari ehunka udaltzainen lanpostuak finkatzeko prozesuak berehala martxan jar ditzala eskatu du ELAk.

Sindikatuarentzat, ebazpenak "zuzenean" eragiten die EAEko udaltzaingo guztiei, gaur egun "bitartekotasun egoeran dauden ehunka udaltzain" baitaude. "Gure udaletako langileen % 30 inguru behin behinekoak dira", esan du.

ELAren zerbitzu juridikoek egindako lehen mailako analisi batean, "bitarteko egoeran ezin izango dela udaltzain bezala lan egin" konfirmatu dute. "Hasteko, ez dio eragiten oraingo bitarteko udaltzainen lan egoerari eragiten, baina bai beren lanpostuetan egunero egiten dituzten zerbitzuei eta funtzioei", ohartarazi du.

Azken urteetan, ELAk salaketak eta mobilizazioak egin ditu Udaltzaingoen "prekariotasun" egoeraren aurrean. "Horren froga izan da bitarteko langileen poltsaren eta Eusko Jaurlaritzak eta hainbat udalek batera egindako Lan Eskaintza Pulbikoaren aldeko apustua, bitartekotasun egoera % 30era igo duelako Udaltzaingoetan", gehitu du.

Gainera, Eusko Legebiltzarrean aurki onartuko duten Poliziaren Legeak bitarteko funtzionarioaren figura ezartzen du, eta hori, "hasteko, epai honen kontrakoa izango litzateke, eta gainera, langileen behin behinekotasun eta ezegonkortasun egoerari ez lioke konponbidea emango; betikotuko luke".

Udal guztietan enplegu "egonkorra" egotearen alde borrokatuko duela esan du ELAk, gaur egungo langile guztiak finkatzeko eta behin behinekotasunik ez egoteko.

Langileak babesik gabe geratu direla ohartarazi du Esanek

Esan sindikatuak ohartarazi du Auzitegi Gorenaren epaiak “babesik gabe” utziko dituela 611 langile eta agintari politikoak jo ditu egoera horren erantzule.

"Gure agintari politikoen jokabide okerraren ondorioz, udaltzaingoetako langileak babes juridikorik gabe geratu dira", salatu du ohar batean.

Aurrerantzean, sindikatuaren lehentasuna kaltetutako langile horiek eskubideak bermatzea izango dela azpimarratu du sindikatuak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Eusko Jaurlaritza ELA albisteak Euskal Autonomia Erkidegoa Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Enplegu Eskaintzak 2024 Sindikatuen azken ordukoa EUDEL gaur