Ekonomia -
TR Taldea
351 milioiko zorra berregituratzeko akordioa sinatu du Tubos Reunidosek
Jorge Gabiola presidentearen arabera, akordioak "sektorearen inguru ezezagunean eta aldakorrean egonkortasuna emango dio", Estatu Batuetako muga-zergen eraginaren ostean.
Agentziak | Erredakzioa
351 milioi euroko zorra berregituratzeko akordioa sinatu du Tubos Reunidosek erakunde finantzario nagusiekin. Arabako enpresak esan duenez, sektorearen ziurgabetasunaren aurrean egonkortasuna emango dio.
Uztailaren 27an Akziodunen Ezohiko Batzar Orokorra deitu dute, finantzazio egitura berria ezartzeko akordioak hartzeko.
Enpresaren arabera, egitura berri horrek " etorkizunari aurre egiteko eta akziodunentzat balorea babesteko behar duen egonkortasun finantzarioa ematen dio enpresari, baita gerra komertzial handia bizitzen ari den merkatu ezezagunera egokitzeko gaitasuna ere".
Jorge Gabiola presidentearen arabera, akordioak "negozio planarekin aurrera jarraitzeko beharrezkoa den egonkortasuna" ematen dio enpresari, Estatu Batuetako "muga-zergen eragina markatutako sektorearen inguru ezezaguna eta aldakorrari egokitzen zaion egitura finantzario malgua" ematen diolako.
Tubos Reunidoseko presidenteak azaldu duenez, "gerra komertzial gogorra" bat dago merkatuan, baina enpresaren gaitasun industrial eta teknologikoetan konfiantza duela esan du. Gaitasun horiek, esan duenez, "azken urteetan enpresan egindako inbertsio garrantzitsuen (130 milioi euro azken bost urteetan) emaitza dira", eta "produktuen lehiakortasuna hobetu du", eta enpresa "errentagarritasun bidera" itzultzea ahalbidetuko du.
Iragarri dutenez, 2019 "urte zaila" izango da enpresarentzat, baina "pixkanaka" diru-sarreren maila berreskuratuko duela uste du, merkatuan egoera normalizatzen den heinean.
Akordioa
Finantzazio berrirako akordioak 92,4 milioi euroko zirkulatzailea aintzat hartzen du, bost urteko epean, eta taldearen zorra finantzarioa berregituratzea ekarriko du. 351 milioi euro ingurukoa da zorra.
Halaber, hiru zatitan banatutako sindikatutako finantzazio kontratua sinatuko da, eta bermatu gabeko bonu sinpleak igorriko dira.
Tubos Reunidos berregituratzeko prozesua orain dela hamabi hilabete hasi zen, Estatu Batuetan altzairuaren inportazioei muga-zergak ezartzearen ondorioz. Hamar erakunde finantzario baino gehiago izan dira negoziaketetan.