Ekonomia -
'Financial Times'
'Financial Times': Bilbo atzerriko inbertsioa erakartzeko hiri handienetako bat da
'Financial Times' taldearen arabera, 2014tik 2019ko apirilera arte nazioarte mailako 25 proiektu abiatu dira Bilbon, eta 353,4 milioi dolarreko inbertsioa ekarri dute.
Agentziak | Erredakzioa
Financial Times egunkariko argitalpen-talde arrakastatsuko inbertsioari buruzko fDi Magazine aldizkari espezializatuak Bilbo nabarmendu du atzerriko zuzeneko inbertsioa egiteko tamaina ertaineko Europako hiririk onenen artean. Hiribilduak 2018. urtean erregistratu zuen atzerriko inbertsio-kopururik handiena, eta, horrela, hazkunderik handiena izan duten bigarren mailako hogeita bost hirien zerrendan sartu da.
Hazkunde hori, hain zuzen ere, Bilboko Udalak hiribildua nazioartean proiektatzeko egindako lanaren emaitza da, zeinari esker testuinguru egoki bat sortu den atzerriko zuzeneko inbertsioa erakartzeko eta jarduera ekonomikoa sustatzeko.
Ekonomiari buruzko egunkarian emandako datuen arabera, guztira, atzerriko inbertsioa duten 25 proiektu bideratu dira Bilbon 2014. urtetik 2019ko apirilera arte, eta 353,4 milioi dolarreko inbertsioa utzi dute. Halaber, 2018. urtean hiribilduan dauden atzerriko enpresek urtebetean egindako inbertsio-gasturik altuena erregistratu da 2003. urtetik.
Financial Times egunkariak 2014. urtetik 2018. urterako aldia aztertu du. Emaitzetan argi ikusi du bigarren mailako hiriek gora egin dutela; izan ere, atzerriko inbertsio osoaren % 60 eskuratu dute, lehen mailako hiriburuei dagokienez. Erresuma Batuko finantza-egunkariak “Super 60” izena jarri die potentzialik handiena duten hiri europarrei. Horietako hogeita hamar hiritan hazkunde positiboa izan dute azken lau urteetan. Bilboren batera, besteak beste, beste hiri hauek daude talde txiki horretan: Bristol, Florentzia, Glasgow, Lyon eta Hanburgo.
Financial Times taldearen arabera, zerrendan sartu dituzten hiriak ez dira hiriburuak izan behar, eta 200.000 eta milioi bat biztanle artean izan behar dituzte. Gainera, oro har, lidergo onagatik, hiriaren marka indartsuagatik eta mentalitate globalagatik dira nagusi. Ezaugarri horiei esker, inbestitzaileek horrelako hirietan jartzen dute arreta, potentzial handia duten horietan, alegia.
Aurreko aintzatespenak
Aurretik ere aintzatetsi du Financial Times taldeak Bilbo, lehenago ere Europako hiri garrantzitsuenen multzoan sartu baitu. 2018. urtean, fDi European Cities & Regions of the Future Awards saria jaso zuen hiriak, eta, horrela, inbertsioa erakartzeko eta atxikitzeko politikak eta jarduketak garatzeko eta negozio-aukerak sortzeko Europako hiri nagusietako bat izatera iritsi zen.
Bilboko Udalak hiri adimendunaren ereduan aurrera egiteko eta ezagutzan oinarritutako garapena sustatzeko egindako apustuaren ondorioz, 2016. urtean, hiribilduak bi sari jaso zituen 'fDi Strategy Awards' sarietan: 'Smart City' eta 'Education Cluster' kategoriakoak, hain zuzen ere.