Ekonomia -
Uda honetan
14 greba-egun deitu dituzte Bilboko Aireportuan, lehena uztailaren 1erako
Gainera, beste lau egunetan, 6 orduko lanuzteak deitu dituzte.
Agentziak | Erredakzioa
Bilboko Aireportuko zentro-batzordeak hamalau greba-egun deitu ditu uda honetarako; hain zuzen ere, lehen greba-eguna uztailaren 1ean egiteko deia egin die langileei.
Egun hauetan egingo dute greba: uztailaren 1ean, 7an, 14an, 21ean, 25ean, 28an eta 31n, 24 orduko lanuztea, eta hilaren 15ean eta 24an, 18:00etatik 00:00etara; abuztuan, 24 orduko lanuztea egingo dute hilaren 4an, 11n, 15ean, 18an, 25ean eta 31n, eta 6 ordukoa (18:00etatik 00:00etara) abuztuaren 1ean eta 14an; azkenik, irailaren 1ean, langileek 24 orduko greba izango dute.
Loiuko aireportuan, 142 langile zuzen daude, eta lan hauek daude horien esku: seinaleak, operazioak, bezeroarenganako arreta eta suhiltzaileak. AENA estatu-mailako enpresaren mendean daude.
Grebak ez die aire-kontrolatzaileei eragingo (Enaireren mendekoak dira), ezta enpresa azpikontratatuetan lan egiten duten langileei ere.
Lantaldea handitzea, eta aurreko akordioak
Zentro-batzordeak azaldu duenez, 2016tik hona lantaldea handitu beharko litzatekeela adierazi dio zuzendaritzari, bidaiarien gorakadak sortutako lan-kargei aurre egin ahal izateko.
Halaber, batzordearen iritziz, ez dira bete prestakuntzari buruz aurretik adostutako akordio batzuk, eta ezinezkoa egin da lan-bizitza eta bizitza pertsonala uztartzeko plana adostea. Gainera, Loiuko aireportu-kudeaketaren eredua negoziatzea galdegin du.
Mobilizazioaren berri izan duenean, aireportuko zuzendaritzak oharra zabaldu du, eta, bertan adierazi duenez, "ez dago justifikaziorik greba hau deitzeko".
Zuzendaritzaren iritziz, lanuzteak deitzeko arrazoiak "lan-zentro horren arlotik haratago doaz, kontuan izanik gaia zein den, bai eta zein organo dagoen legitimatuta negoziatzeko ere; hortaz, tokiko negoziazioari baiezkoa emateak eragina eta ondorioak izango lituzke estatu-mailan".
Ildo horretan, zuzendaritzaren hitzetan, greba-deialdian islatuta dauden hainbat gai "egungo hitzarmen kolektiboan araututa daude, eta edozein aldaketak estatu-mailako negoziazioa beharko luke".
Organizazioaren eta enpresako zuzendaritzaren eskuduntzak
Bestalde, zuzendaritzaren arabera, lan-mailako proposamen batzuek ez dute bat egiten duela hilabete batzuk Estatuko Koordinakunde Sindikalarekin adostutakoarekin: "organizazioaren eta enpresako zuzendaritzaren eskuduntzak dira".
Bilboko aireportuaren kudeaketa-eredua negoziatzeko eskariari dagokionez, zuzendaritzak erantzun du arlo hori ez dagoela sindikatuekin negoziatzen diren gaien artean.