Ekonomia -
Elkarrizketa Radio Euskadin
Azpiazu: 'Ia % 3ko igoera izango du Aurrekontuak, eta guztiekin negoziatuko dugu'
Ekonomia sailburuak aurreratu duenez, ekainaren 26an PPrekin eta Elkarrekin Podemosekin bilduko dira, eta uztailaren 2an EH Bildurekin.
EiTB.EUS
Pedro Azpiazu Ogasun eta Ekonomia sailburuak Radio Euskadiko 'Boulevard' saioan egin dioten elkarrizketan esan du alderdi politiko guztiekin hitz egingo dutela Aurrekontuen gaineko proposamena aurkezteko eta iritziak elkartrukatzeko.
Ekainaren 26an PPrekin eta Elkarrekin Podemosekin bilduko dira, eta uztailaren 2an EH Bildurekin. "Aurrekontuak beste gai batzuekin nahastea ez da ona, akordioak lortzeko orduan", ohartarazi du Azpiazuk PPren jarrerari buruz mintzatu denean. Hain zuzen ere, Guardiako eta Bastidako Alkatetzekin gertatutakoaren harira egin ditu adierazpenok.
Aurrekontuetara itzuliz, Azpiazuk aurreratu du ia % 3ko igoera izango dutela. "Halere, tartea nahiko mugatua da, gehiena bideratuta baitago", azaldu du. "Bildutako diru kopuruak pixkanaka egingo du gora, ez doa ziztu bizian", adierazi du. Ildo horretan, deitoratu du gastu-arauak Lakua mugatzen duela.
Caritasek duela gutxi argitaratutako txostenari dagokionez, Azpiazuk onartu du Europan, Espainiako Estatuan eta Euskadin berdintasun ezak gora egin duela, "baina ez hain nabarmen eta krisiaren ondorioz". Horri aurre egiteko, "politika sozialak" sustatu nahi dituztela gogorarazi du: "Aurrekontuen lehentasunetako bat da".
"Bada jendea soldatarekin nahikoa ez duena, horretarako existitzen dira diru-sarrerak bermatzeko errentak. Posible al da 1.000 eurotik gorako laguntzak ematea? Baliteke, baina bitartekoak urriak dira. Halere, ahalegina egingo dugu", gaineratu du.
Azpiazuk azaldu du, aurrerantzean, genero ikuspegi batetik, sakonago aztertuko dituztela politika sozialak.
Bukatzeko, Unai Hualde Nafarroako Parlamentuko presidente berria zoriondu du, eta PSN eta Geroa Bairen arteko aldi baterako itunari buruz galdetuta azpimarratu du Euskadin emaitza onak eman dituela sozialisten eta jeltzaleen arteko akordioak.