Ekonomia -

Hauteskunde sindikalak

% 41,68ko ordezkaritza 'historikoa' duela eta, harro agertu da ELA

Mitxel Lakuntza idazkari orokorrak, bere lehenengo prentsaurrekoan, zentralaren arrakasta "besteen porrota" ere badela esan du, Eusko Jaurlaritzari erreferentzia eginez.

Mitxel Lakuntza, bere lehenengo agerraldian ELAko idazkari nagusi bezala. Argazkia: EFE.
Mitxel Lakuntza, bere lehenengo agerraldian ELAko idazkari nagusi bezala.
Mitxel Lakuntza, bere lehenengo agerraldian ELAko idazkari nagusi bezala. Argazkia: EFE.

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

ELA sindikatuak euskal mapa sindikalean duen gehiengoa hobetu du, EAEn % 41,68ko ordezkaritza "historikoa" lortuta eta bigarren sindikatuak, LABek, duena (%19,10) bikoiztuta.

Mitxel Lakuntza idazkari orokorrak bere lehenengo prentsaurrekoa eman du, Bilbon. "Oso pozik" agertu da emaitzengatik, botere ekonomikoen eta politikoen aurrean "kontraboterea" izatearen estrategiari babesa eman diotela langileek.

"Gure arrakasta besteen porrota ere bada", esan du Lakuntzak, Eusko Jaurlaritzaren "patronalarekin eta UGT eta CCOO sindikatuekin elkarrizketa sozialeko mahaiak osatzeko apustua" kritikatuz. Nabarmendu duenez, sindikatu horiek babesa galdu dute, eta elkarrekin arteko batuketa ordezkaritzaren % 28 da.

Gainera, Eusko Jaurlaritzari aurpegiratu dio EAEn gehiengoa duen sindikatua "ez aintzatestea". Esan duenez, ELAko idazkari nagusia izendatu zutenean, ez zion Iñigo Urkullu lehendakariari bilera bat eskatu, zentralean "oso ondo ulertzen" dutelako "bere mezua". Sindikatuari "deitu zion azkena" bera izan zen, 2017an, "ELArekin harremanak etengo zituela esateko".

Deitoratu duenez, Eusko Jaurlaritzak, "jarrera antidemokratiko batetik, kritika eta harreman normalizatu bat ez direla bateragarriak uste dute", eta hori "aberraziotzat" hartu du.

ELAk emandako datuen arabera, hauteskundeak egin diren epearen ostean, sindikatuak inoiz lortutako ordezkaritzarik zabalena lortu du EAEn. Apirilean, 1,8 puntu igo zen 2014ko abenduaren datuekin alderatuta (% 41,68ra). Nafarroan 1,7 puntu igo da, % 23,23ra arte.

EAEn, ELAren aurreko daturik onena 2002an izan zen (% 41,3). LABek ere gora egin du. Apirilean % 19,1 zuen (2014 bukatzean % 18,34 zuen).

Aldiz, Estatu mailako sindikatuen ordezkaritzak behera egin du: CCOOk % 18,31 du orain (2014an % 19,22 zuen), eta UGTk, %10,41 (% 11,69 zuen orain dela lau urte).

Lakuntzaren arabera, "sindikatu batek babesak galtzen ditu bere diskurtsotik eta bere praktikatik jendearen antolakuntza, greba eta konfrontazioa bezalako funtsezko gauzak baztertzen dituenean".

Bere ustez, gero eta prekariotasun handiagoa dagoen testuinguruan "moderazioa eskatzea, zanpatua izaten ari zarenean, ez da konponbidea; txartoen pasatzen ari direnentzat irain bat da".

EAEn, LABen ordezkari kopuruaren bikoitza

Guztira, ELAk 7.084 lortu ditu EAEn; LABek, 3.247; CCOOk, 3.113, eta UGTk, 1.769.

ELAren arduradurek sindikatuek hiru lurraldeetan izandako hazkuntza "homogeneoa" nabarmendu du: Araban (% 37,47, 2014an baino 3,31 puntu gehiago), Bizkaian (% 40,8, 1,43 puntu gehiago) eta Gipuzkoan (% 45,39, 1,65 puntu gehiago).

Nafarroan, ordezkari gehienak UGTkoak dira

ELAren arduradunak pozik daude Nafarroako datuekin. Bertan, sindikatu abertzaleek ordezkaritza irabazi dute, baina Estatu mailakoen atzetik jarraitzen dute, horiek atzera egin duten arren.

Foru erkidegoan, UGTk gehiengoa mantentzen du, ordezkaritzaren % 25,17rekin (orain dela lau urte, % 27,63). CCOO da hurrengoa, % 23,86rekin (2014an, % 24,7). ELAk % 23,23 du (orain dela lau urte, %21,23), eta LABek, % 16,59 (13,72 2014 bukatzean).

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
ELA Lana Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Sindikatuak