Ekonomia -
Osakidetzako LEP
Murgak Osakidetzako iruzurraren berri izatea ukatu du
Lekukoaren esaldi ospetsuaren harira, Osasun sailburuaren esanetan, "inoiz ez du esaldi hori esan; ez duela 15 urte, ezta orain ere".
Agentziak | Erredakzioa
Nekane Murga osasun sailburuak Osakidetzako lan eskaintza publikoetako azterketetan filtrazioak izan direnik jakitea ukatu du; ildo horretan, Osasun Sailak, Osakidetzak eta sailburuak berak "ezkutatzeko ezer ez dutela argi eta garbi" utzi du.
"Ez dut inoiz irregulartasunen berri izan, ezta filtrazioetan parte hartu duen inoren berri ere", esan du Murgak Eusko Legebiltzarreko Osoko Bilkuran EH Bilduk eta Elkarrekin Podemosek eskatuta ostiral honetan egindako agerraldian.
Bestalde, lan eskaintza publikoaren inguruko ustezko irregulartasunen harira Osakidetzak abiatutako barne ikerketa babestu du Murgak. Halaber, Justiziarekin elkarlanean "gardentasunez" aritzeko "borondatea" azaldu du.
Aste honetan hedabideetan argitaratutako lekuko baten audio baten arabera, filtrazioak izaten zirela jakina zen eta Murgak horren berri bazuen. Jardunaldi batean egin zuten topo lekukoak eta Murgak, hizketan hasi ziren eta azken horrek ondokoa esan zion: "Azterketa ez izateko, oso ondo egin duzu".
Murgaren esanetan, ordea, "inoiz ez du esaldi hori esan; ez duela 15 urte, ezta orain ere".
Murgaren gaitzespena
Bestalde, Rebeka Ubera EH Bilduren legebiltzarkideak mozio bat sartu du gaur Eusko Legebiltzarrak Osasun Sailaren jokabidea gaitzesteko; izan ere, "ikerketa judiziala oztopatzen saiatu" zela uste du, eta ez zuela "Fiskaltzaren esku utzi Osakidetzako 2016-2017ko Lan Eskaintza Publikoko irregulartasunei buruzko informazio guztia".
Uberak prentsa-ohar batean azaldu duenez, "urriak" izan dira Nekane Murgak gaur eman dituen azalpenak.
EH Bilduk aurkeztutako mozioak Osakidetzari eskatzen dio Fiskaltzari helaraz diezaiola "barne ikerketan jasotako material guztia, azterketak eta azterketak zuzentzeko makinak barne, memoriekin batera".
Horren harira, Uberak uste du "larria eta onartezina" dela Osasun Sailak Justiziari "ez eskaintzea hasiera-hasieratik elkarlan osoa eta ez ematea dokumentazio guztia: epaileak berak eskatu behar izan zuen espreski".
LABek ez dio sinesgarritasunik ematen
LAB sindikatuak uste du ez direla sinesgarriak sailburuaren adierazpenak. Sindikatuak azaldu duenez, Murga "ez da oso ongi geratzen, ez baita sinesgarria ez izatea, ez lehen ez orain, Osakidetzaren edozein zentrotan 'vox populi' zen zerbait berri".
"Egia onartu eta errealitatea aldatzeko konpromisoa hartu beharrean, guztia ukatu du nahiko modu traketsean", salatu du LABek.