Ekonomia -

Lan gatazka

Sindikatuek Osakidetzako Lehen Arretan astelehenerako deitutako greba, bere horretan

Akordio barik bukatu da Mahai Sektorialaren bilera. Osakidetzak gutxienez 2018an baino 3.000 lanaldi gehiago betetzeko proposamena errefusatu dute sindikatuek. "Ez da nahikoa", salatu dute.

Lehen Arretako langileek egindako manifestazio bat. Artxiboko argazkia: EFE
Lehen Arretako langileek egindako manifestazio bat.
Lehen Arretako langileek egindako manifestazio bat. Artxiboko argazkia: EFE

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Sindikatuek datorren astelehenerako, ekainaren 17rako, Osakidetzako Lehen Arretan deituta dagoen grebari eutsi egin diote gaur, Mahai Sektorialeko bilera akordiorik gabe bukatu ostean.

Osakidetzaren zuzendaritzak batzarrean egindako proposamenak "osasun zerbitzua murriztu eta osasun etxeetan dagoen benetako arazoa konponduko ez" duela uste dute sindikatuek (Satse, ELA, LAB, CCOO, UGT eta ESK) eta Lehen Arreta Arnasberritzen plataformak. Hori horrela, greba deialdiak bere horretan jarraituko du.

Astelehenekoa Lehen Arretan egingo duten hirugarren lanuztea izango da. Aurrez, apirilaren 12an eta maiatzaren 17an, egin zuten greba langileek.

Osakidetzaren proposamena

Osakidetzak ohar batean jakinarazi duenez, udako oporrak betetzeko plana aurkeztu die sindikatuei Lehen Arretaren osasun arreta bermatzeko eta profesionalen lan karga "arintzeko". Horren arabera, 2018arekin alderatuta, gutxienez 3.000 lanaldi gehiago beteko dituela iragarri du.

Gainera, aldi baterako bajak lehen egunetik beteko dituzte. Horrez gain, Lehen Mailako Arretarako Unitateetan buruen postuak % 100 beteko dituzte eta unitate guztietan erizaintzako koordinatzailearen eta Bezeroarentzako Arreta Arloko arduradunaren irudia ezarriko dute.

Era berean,osasun-zentro, landa-kontsultategi eta etengabeko arretarako puntu batzuetako ordutegia egokituko dute (ekainaren 17tik irailaren 20ra): 08:00etatik 17:00etara egongo dira zabalik.

Juan Diego Osakidetzako zuzendari nagusiak nabarmendu duenez, "elkarrizketarako eta lanerako prest" dago, lehen mailako arreta sendotzeko "neurri zehatzak" hartzen jarraitzeko.

Sindikatuak, kexu

Bileraren ostean LABek ohar batean salatu duenez, Osakidetzak "gainean daukagun uda konplikatuari modu desesperatuan aurre egiteko neurri isolatu eta ez nahikoak" jarri ditu mahai gainean.

Sindikatu abertzalearen ustez, "osasun zentroen ordutegia murriztea eta pediatrak anbulatorio batzuetan elkartzea euskal jendartearen osasun eskubideari murrizketa garbiak dira"

UGTk ere ohar baten bidez adierazi du bere iritzia. Osakidetzak egindako proposamenak osasun zerbitzua murriztuko duela uste du sindikatuak. Ana Vazquez UGT-Euskadiren Osasun arduradunaren hitzetan, "profesionalen gutxienez % 60 ordezkatzeko eta bajen % 100 betetzeko proposamenak lagungarriak dira, baina ez dira nahikoak".

CCOO sindikatuarentzat "etsigarria" izan da gaurko bilera, eta bajen % 100 betetzeari ondo iritzi badio ere, proposamena "nahikoa ez" dela nabarmen du.

Deitoratu duenez, Osakidetzak ardura postuetan dauden profesionalak ordezkatuko ditu, baina ez die erantzungo langileen beharrei. CCOOren aburuz, beharginen % 60 ordezkatzea "gutxi" da, "are, grebetako gutxieneko zerbitzuak ere ez lituzkete beteko, kasu batzuetan".

Satse erizainen sindikatuaren berbetan, Osakidetzaren proposamena "ez da nahikoa". "Egungo Lehen Arretako eredua jasangaitza da, eta ez dio erantzuten egungo gizartearen beharrizanei", erantsi dute.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Osakidetza LAB Grebak Euskal Autonomia Erkidegoa Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Osasun albisteak Medikuak Sindikatuak Erizainak azken ordukoa CCOO UGT Lan gatazkak Lehen Arretako zentroak