Ekonomia -
Irailetik aurrera
EAEko funtzionarioek 18 asteko gurasotasun baimena izango dute
Nahiz eta ELA, LAB eta CCOOrekin akordiorik ez izan, neurria aplikatuko dute. Exekutiboaren moduak kritikatu dituzte sindikatuek. UGTk, ostera, proposamena babestu du.
Agentziak | Erredakzioa
Bikoteko bi kideentzako gurasotasun baimena 18 astekoa izatea erabaki du Eusko Jaurlaritzak. Neurria irailaren 1etik aurrera aplikatuko da, eta Administrazioko 70.000 langileri eragingo die. Nahiz eta ELA, LAB eta CCOOrekin akordiorik ez izan, neurria indarrean sartuko da. Exekutiboaren formak kritikatu dituzte sindikatuek. UGTk, aldiz, proposamena babestu du.
Estatuko araudian baino bi aste gehiago dira. EAEko Exekutiboak neurria sindikatuei aurkeztu die asteazken honetan, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren Negoziazio Mahai Orokorrean.
Aldaketa irailaren 1etik aurrera indarrean sartuko dela iragarri du Exekutiboak, nahiz eta ELA, LAB eta CCOO sindikatuekin akordiorik ez itxi, Jaurlaritzako iturriek jakitera eman dutenez. Euskadiko Exekutiboaren formak kritikatu dituzte sindikatuok.
Horrela, gurasotasun baimenak 18 astera luzatuko ditu Jaurlaritzak, bikotearen bi kideei, sexua edo arrazoia kontuan hartu barik.
Baimenak % 100 ordainduko dituzte, eta izaera transferiezina izango dute. Esan bezala, luzapenak UGTren babesa izan du, eta Administrazioko 70.000 behargini eragingo die.
Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren Mahai Orokorra utzi du LABek, bere ustez, Eusko Jaurlaritzak "bere propaganda estrategiarekin aurrera jarraitzen" duelako, "gai izar batzuk modu isolatuan ezarriz eta sindikatuekin zilegitasuna bilatuz".
LABek adierazpen batean azaldu duenez, Lakuako Gobernuak sindikatuen "bedeinkapena" nahi du, "nahiz eta neurria martxan jartzeko erabakia dagoeneko hartuta egon". Esan duenez, "gaur egun indarrean dagoen amatasun-lizentziaren aste kopuru berdina" izango luke, eta seme-alaben "beharrizanei egokitzeko" 24 astera luzatzea proposatu du, eredu berri bat sustatuz.
Eusko Jaurlaritzaren "negoziazio borondate falta" salatu du ELA sindikatuak. Funtzionarioen gurasotasun baimena bermatzeko "enplegu prekarietatearekin amaitzea eta berdintasun politiketan benetako pausoak ematea" beharrezkoa dela ohartarazi dio Exekutiboari.
ELAren ahotan, "nahiz eta zaintzaren erantzunkidetasunerantz pauso bat izan, beste neurri batzuk hartzen ez baldin badira labur geratzen da". "Gaur baimen eta lizentzia batzuk gozatzeko aukerarik ez dago, langile eta ordezkapen faltagatik. Gainera, hiru langiletik bat aldi baterako dela kontuan hartuta, ezinezkoa da eskubide hori bermatzea", nabarmendu du sindikatu abertzaleak.
Euskadiko CCOOk Eusko Jaurlaritzaren proposamena baztertu du, "soilik populista" delako.
CCOOk gogorarazi duenez, neurriaren "berri eman zuen Josu Erkorekak martxoaren 8an, oihartzun handiagoa eta harrera hobea zuenean". Funtzio Publikoak sindikatuei neurria gaur aurkeztea kritikatu du, "Mahai Orokorra, beste behin ere, tramite burokratiko hutsa bihurtuz".
Azkenik, Arantza Agote UGTko ordezkariak azaldu duenez, Jaurlaritzaren proposamena "beste pausotxo bat da berdintasunerantz", baina hobeagoa izan zatekeen. Zentzu horretan, "ezer ez negoziatzeko sindikaturen baten borondate faltagatik" haserre agertu da.
Gaiaren mamiaren aurka egin duten sindikatuek Jaurlaritzari "olatua egin" diotela uste du Agotek, proposamena hobetzeko lan egitea ez dutelako nahi izan, eta "aplikatu nahi duzuna" esan diote Exekutiboari.