Ekonomia -
Administrazio Publikoa
Mahai Orokorra utzi du LABek, Jaurlaritzaren 'propagandari' zilegitasunik ez emateko
Zentralarentzat, Exekutiboa "zilegitasuna" bilatzen ari da sindikatuekin, "gai izar batzuk modu isolatuan" inposatuz.
Agentziak | Erredakzioa
Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren Mahai Orokorra utzi du LABek, bere ustez, Eusko Jaurlaritzak "bere propaganda estrategiarekin aurrera jarraitzen" duelako, "gai izar batzuk modu isolatuan ezarriz eta sindikatuekin zilegitasuna bilatuz".
Funtzio publikoaren aitatasun lizentziez hitz egiteko deitu dute Mahai Orokorra. Eusko Jaurlaritzak 18 astera luzatu nahi du, hau da, Enplegu Publikoaren lege aurreproiektuak dakarrena baino bi hilabete gehiagora.
LABek adierazpen batean azaldu duenez, Lakuako Gobernuak sindikatuen "bedeinkapena" nahi du, "nahiz eta neurria martxan jartzeko erabakia dagoeneko hartuta egon". Esan duenez, "gaur egun indarrean dagoen amatasun lizentziaren aste kopuru berdina" izango luke, eta seme-alaben "beharrizanei egokitzeko" 24 astera luzatzea proposatu du, eredu berri bat sustatuz.
Sindikatuak ohartarazi duenez, Mahai Orokorra "negoziaziorako mahai bat" da, eta LABek "ez du Gobernuaren propaganda estrategian parte hartuko". Jaurlaritzak Mahaia "bere intereserako erabili" nahi duela salatu du, eta LABek ez dio "marko horri zilegitasuna emango".
Sindikatuak "garrantzizko eta urgenteak" diren beste gai batzuk negoziatzeko egutegi bat eskatu du, hala nola, "enplegu finkatzea, aurretiko erretiro sarien berreskurapena eta zorraren aitortza eta itzultzeko plangintza". Esan duenez, hurrengo egunetan jakingo da "zein den Gobernuaren benetako nahia", eta horren araberako erabakiak hartuko dituzte.