Ekonomia -
trenbide sektorea
Londresen gidaririk gabeko trenak hornitzeko kontratua irabazi du CAFek
43 tren diseinatu, fabrikatu eta hornituko ditu enpresa gipuzkoarrak. Tren berriek gaur egun DLR linean zerbitzua ematen duten unitateengatik ordezkatuko dituzte.
EITB.EUS
CAF Taldeari esleitu dio Transport for London (TfL) enpresak kudeatutako Docklands Light Railway (DLR) linearako gidaririk gabeko 43 treneko flota diseinatzeko, fabrikatzeko eta hornitzeko kontratua. Aurrez ikusitakoaren arabera, 2023an hasiko dute bidaiariekin egindako zerbitzua.
Kontratuak euskarri teknikoko eta flotarako ordezkoak hornitzeko zerbitzuak biltzen dituen akordioa jasotzen du, CAFek agiri batean asteazken honetan jakinarazi duenez.
33 trenek gaur egun DLRk dituen unitate zaharrenak ordezkatuko dituzte (ia 30 urte dituzte) eta beste 10 unitateri esker, linea osoaren edukiera eta maiztasuna areagotuko dituzte.
Tren berriek gaur egun DLR linean zerbitzua ematen duten 3 kotxeko trenen antzeko luzera izango dute, baina bidaiarientzako beste hobekuntza batzuk izango dituzte. Esaterako, bidaiari buruzko informazio bisuala eta audio bidezkoa denbora errealean emateko teknologiarik aurreratuena, aire girotua, gailu mugikorrak kargatzeko puntuak, erabilera anitzeko guneak (haurtxoen aulkietarako, bizikletetarako eta ekipajea eramateko) eta gurpildun aulkientzat erreserbatutako guneak.
Erresuma Batuko CAFeko zuzendariak, Richar Garner, pozik agertu da Erresuma Batuan gehien erabiltzen den tren arinerako unitateak hornitzeko Transport for Londonen kontratu garrantzitsua lortu baitute.
DLR modernizatzea da Londreseko alkateak abian jarri duen garraio arloko estrategiaren zati garrantzitsu bat. Horren bidez, hiria ekologikoago eta bizitzeko, lan egiteko eta bisitatzeko irisgarriago bihurtu nahi du, enplegua eta biztanleriaren igoera bultzatzen dituzten bitartean.
Garraio publikoaren arloko inbertsio horri esker, autoekiko mendekotasuna gutxitu ahal izango da eta 2041. urterako joan-etorrien % 80 garraio publikoan, bizikletaz edo oinez egitea oinarri duen alkatearen helburua lortzen lagunduko da.
Bestalde, CAFek HS2 proiekturako eskaintza entregatu du. Bertan, abiadura handiko Oaris plataforma proposatu du kontratu horren eskakizun zorrotzak bete ahal izateko. Kontratuak proiektuaren lehen faserako gutxienez 54 trenen diseinua, fabrikazioa eta mantentzea jasotzen du eta horren bolumena 3.000 milioi euro baino gehiagokoa izango da.