Ekonomia -
KPI-AREN DATUAK
Urte arteko inflazioa % 1ekoa izan da EAEn eta 1,3koa Nafarroan, maiatzean
Batez ere, elektrizitatearen merkatzeak eta erregaien garestitze murriztuak eragin dute prezioen jaitsiera.
Agentziak
Kontsumorako Prezioen Indizearen (KPI) urte arteko tasa % 1 hazi da maiatzean Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE), Espainiako Estatistika Institutuak gaur emandako datuen arabera.
Azken hilabetean, inflazioa zazpi hamarren jaitsi da EAEn, apirilekoa % 1,7koa izan baitzen; prezioak, berriz, % 0,8 igo dira. Lehen bost hilabeteotan % 1 hazi dira prezioak Gipuzkoan; % 0,9, Araban; eta, % 0,7, Bizkaian.
KPIaren datuak lurraldez lurralde aztertuta ikus daitekeenez, Gipuzkoan urte arteko inflazioa % 1,3koa izan da maiatzean. Araban eta Bizkaian, berriz, % 0,9koa izan da.
Garraioak (% 3,4), hotel, taberna eta jatetxeak (% 2,3), jantziak eta oinetakoak (% 1,2), etxeko gauzak (% 1,1), irakaskuntzak (% 0,8), komunikazioak eta elikagaiak eta alkoholik gabeko edariak (% 0,1) gora egin dute.
Medikuntzan (% 0,2) ez da aldaketarik izan, eta behera egin dute aisiarenak eta kulturak (% 0,8), etxebizitzak (% 0,5) eta alkoholdun edariak eta tabakoa (% 0,2).
Nafarroako KPIa
Nafarroan KPIa zortzi hamarren jaitsi da, % 1,3raino.
Espainiako Estatuan, urte arteko tasa % 0,8 murriztu da, apirilean baino zazpi hamarren gutxiago. Prezioak, berriz, % 0,2 igo dira Estatu mailan. Batez ere, elektrizitatearen merkatzeak eta erregaien garestitze murriztuak eragin dute prezioen jaitsiera.