Ekonomia -
Zubietako erraustegia
Auzitegiaren erabakia 'onartu' du Aldundiak, baina helegitea aurkeztea 'aztertuko' du
Bestalde, Kontu Auzitegiko epaiarekin pozik agertu da EH Bildu. "Konfrontazioa uzteko" deia egin eta "adostasunak" bilatzea eskatu du koalizioak.
Agentziak | Erredakzioa
Imanol Lasa Gipuzkoako Aldundiaren jarduneko bozeramaileak adierazi duenez, foru gobernuak Kontu Auzitegiaren erabakia "onartzen" du, baina helegite berri bat aurkeztu ala ez "aztertuko" du. Gipuzkoako Hondakinen Kudeaketarako partzuergoaren (GHK) arduradun ohiak (EH Bildu) absolbitu ditu Kontu Auzitegiak. Erraustegiaren aurreneko proiektua gelditu zuten.
Epaiaren aurrean erakundeak izango duen jarrera zehaztu du Lasak prentsaurrekoan, foru Gobernuaren Kontseilua bildu ondotik. Iñaki Errazkin eta Ainhoa Intxaurrandieta GHKko buruzagi ohien absoluzioa berretsi zuen Kontu Auzitegiak astelehenean. Lehen sententzia batean absolbitu zituen jadanik, baina EAJko eta PSEko arduradunek errekurritu zuten.
"Gipuzkoako Aldundiak sententzia judizial guztiak onartzen ditu beti, baita oraingoan ere", ziurtatu du Lasak. Hala ere, erakundeko "zerbitzu juridikoek" ebazpena "aztertuko" dute "helegitea aurkeztu edo ez" erabaki baino lehen, gaineratu duenez.
Hala eta guztiz ere, dagoeneko "zaborrak iraganeko gaia" direla uste du bozeramaileak; izan ere, kudeaketa "bideraturik" dago eta azpiegitura guztiak "martxan jartzeko zorian" daude.
Bestalde, Kontu Auzitegiaren epaiarekin pozik agertu da Juan Karlos Izagirre EH Bilduko batzarkide hautetsia. "Konfrontazioa uzteko" deia egin eta "adostasunak" bilatzea eskatu du.
Donostian prentsaurrekoa eman du Izagirrek, EH Bilduko batzarkide hautetsi guztiekin batera, Batzar Nagusietan akreditatu ostean.
"Berezitasun bat dugu: Politika egiteko modua. Esaten duguna egin eta egiten duguna esan", azpimarratu du Izagirrek. Intxaurrandietari eta Errazkini babesa adierazi die.
"Gipuzkoako herritarren mandatua bete zuten. Ez zuten dirurik lapurtu, ez zuten inoren aurka egin. Epaia zoriontzeko eta pozteko modukoa da. Orain garai berri bat zabaltzen da eta konfrontazioa uzteko deia egiten dugu, pertsonen bizitza hobetzeko adostasunak bilatzeko", erantsi duenez.