Ekonomia -

Osakidetzako azterketak

Osasun sailburuak bazuen oposizioetako iruzurraren berri, lekuko baten arabera

Oposizioko taldeek azalpenak eskatu dizkiote Nekane Murga Osasun sailburuari. Eusko Jaurlaritzak, berriz, garrantzia kendu dio lekukoak emandako testigantzari.

Nekane Murga Osasun sailburua. ETBren bideo batetik ateratako argazkia
Nekane Murga Osasun sailburua.
Nekane Murga Osasun sailburua. ETBren bideo batetik ateratako argazkia

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Izaskun Obieta medikua kardiologiako epaimahaikidea izan zen Osakidetzako lan-eskaintza publikoan eta Nekane Murga egungo Osasun sailburuak iruzurraren berri bazuela adierazi du.

eldiario.es agerkari digitalak gaur argitaratu duenez, Osakidetzak ustezko irregulartasunak argitzeko abian jarri zuen ikerketaren baitan deklaratu zuen Obietak. Filtrazioak izaten zirela jakina zela eta Murgak horren berri bazuela kontatu zuen.

Jardunaldi batean egin zuten topo Obietak eta Murgak, hizketan hasi ziren eta azken horrek ondokoa esan zion: "Azterketa ez izateko, oso ondo egin duzu".  Aipatu komunikabideak testigantza horren grabazioa publikatu du.

Osakidetzaren barne ikerketa Belen Greaves EAJko legebiltzarkideak zuzendu zuen. Garai hartan Murga ez zen Osasun sailburua. Jon Darponek dimisioa eman ostean, 2019ko martxoan, hartu zuen kargu hori.

Irregulartasunen eskandaluaren ondorioz, Maria Jesus Mugica Osakidetzako zuzendariak eta Juan Carlos Soto Giza Baliabideetako arduradunak ere dimisioa behar izan zuten.

Eusko Jaurlaritzak garrantzia kendu dio

Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzaren bozeramaileak garrantzia kendu dio komentario horri, duela urte asko gertatu zela eta garai hartan Nekane Murgak inolako ardura politikorik ez zuela argudiatuta.

"Testigantza horrek ez du garrantzia penal edo politikorik", esan du. Nolanahi ere, informazio hori, Osakidetzak egindako barne ikerketako dokumentazioarekin batera, epaitegira igorri zutela azpimarratu du.

Legebiltzarreko oposizioko taldeek, berriz, azalpenak eman ditzala eskatu diote Murgari.  

EH Bilduren iritzian, "oso larria da" Murgak naturaltasunez onartu izana Osakidetzan azterketak filtratu izan direla.

"Lehendakariak eta Murgak ezin dute beste aldera begiratu, ezer gertatu izan ez balitz bezala, grabazio batek egungo Osasun sailburuak filtrazioak izaten zirela bazekiela erakusten duenean", adierazi du Rebeca Ubera legebiltzarkideak.

"Murgak sinesgarritasun guztia galdu du eta ezin du Osakidetzako irregulartasunen ikerketa zuzendu", erantsi du.

Halaber, Uberak uste du informazio honek agerian uzten duela Osakidetzak eta Osasun Sailak "inoiz ez dutela benetako asmorik izan" gertatutakoa argitzeko.

Elkarrekin Podemosen esanetan, lekuko horren testigantzak frogatu du Murgak bazekiela Osakidetzan "jarduera ustela" zela.

"Bistan dago ezkutatzeko zerbait duenak ez duela inoiz lan eskaintza publiko dopatuen ingurukoa argitzeko lan egingo", esan du Cristina Macazaga legebiltzarkideak.

Horrez gain, Fiskaltzak Osakidetzari barne ikerketaren nondik norakoak eskatu behar izana kritikatu du, baita Osasun Sailak eta Eusko Jaurlaritzak prozesuaren inguruan egindako "kudeaketa txarra" ere, gertatutakoa "estaltzen saiatu direlako, filtrazioekin gutxi batzuei laguntzen jarraitzeko".

Alderdi Popularrak ere azalpenak berehala eman ditzala eskatuko dio Osasun sailburuari, Osakidetzaren "sinesgarritasuna kolokan" baitago.

Laura Garrido legebiltzarkideak zehaztu du azalpen horiek nahikoa ez badira, Murgak Legebiltzarren agerraldia egitea galdegingo dutela.

LAB sindikatuak ere hitz egin du auzi honen harira eta ziur agertu da aurrerantzean antzeko testigantza gehiago agertuko direla.

"Osakidetzak ukatu arren, jakina da oposizioetan azterketak aurrez ematen zirela, eta hori Osakidetzako eta Osasun Saileko arduradunek ere bazekiten", nabarmendu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Osakidetza Eusko Jaurlaritza berriak Euskal Autonomia Erkidegoa albisteak Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Lan Eskaintzak Sindikatuak