Ekonomia -

Zubietako erraustegia

Kontu Auzitegiak Errazkin eta Intxaurrandieta errugabe jo ditu berriro

Gipuzkoako Hondakinen Kudeaketarako partzuergoak (GHK) iragan urriko epaiari helegitea aurkeztu zion. Errekurtsoa atzera bota dute orain.

Ainhoa Intxaurrandieta eta Iñaki Errazkin. EiTBko bideo batetik ateratako irudia.
Ainhoa Intxaurrandieta eta Iñaki Errazkin (EH Bildu) GHKren aurreko arduradunak.
Ainhoa Intxaurrandieta eta Iñaki Errazkin. EiTBko bideo batetik ateratako irudia.

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Kontu Auzitegiak Zubietako erraustegiaren auzia ebatzi zuen iragan urrian. Erraustegiaren proiektua gelditzeagatik Ainhoa Intxaurrandieta eta Iñaki Errazkin EH Bilduko ordezkariak errugabe jo zituen Auzitegiak. Hala ere, Gipuzkoako Hondakinen Kudeaketarako partzuergoak (GHK) epaiaren aurkako helegitea aurkeztea erabaki zuen. Orain auzitegi berak errekurtsoa atzera bota du.

Nahiz eta ebazpenaren "norabidearekin ados ez izan", Kontu Auzitegiaren erabakia errespetatzen duela azaldu du GHKk agiri batean.

Hala ere, "erabakia, ebazpen judizialak berak azaltzen duen bezala, aurreko arduradunen kontu erantzukizunera mugatzen da", gogorarazi du. "Eragindako galerak 45 milioi eurokoak izan zirela berretsi du partzuergoaren kontu-ikuskaritzak", erantsi du.

"Gipuzkoa zorra kitatzera beharturik egon da, EH Bilduko kudeatzaileek azpiegitura gelditzea erabaki zutelako, Batzar Nagusiek onartutako Foru Araua urratuz eta sinatutako kontratuak hautsiz, txosten juridiko eta teknikoen aurka", gaineratu du.

EAEko Auzitegi Nagusiaren sententzia irmoa gogorarazi du GHKk: "GHKko aurreko arduradunen jokabidean irregulartasunak eta botere desbideratzea agerian utzi zituen". Auzitegi Gorenak salatuen kasazio errekurtsoa atzera bota zuen. Zentzu horretan, epaiak "erantzukizunak eskatzeko" bide eman dezakeela uste du erakundeak.

Guzti horregatik eta epaia "errespetatuz", GHKko zerbitzu juridikoek "aukera guztiak" aztertuko dituzte, Gipuzkoak "EH Bilduko kudeatzaileek eragindako 45 milioiko zorra berreskuratzeko, interes publikoa babestuz eta eragindako kalteak ahalik eta gehien txikituz".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Gipuzkoa Epaiketak Gizartea Ekonomia EH Bildu Eguneko albisteak Albisteak Ingurumena