Ekonomia -
Lan-gatazka
Sindikatuek bitartekotzaren bidea ukatu dute itunpekoaren gatazka konpontzeko
EH Bildu, Elkarrekin Podemos eta PP alderdiek gatazka konpontzeko Hezkuntza Sailaren inplikazio falta gaitzetsi dute.
agentziak | Erredakzioa
Gizarte ekimeneko itunpeko ikastetxeetako sindikatuek bitartekotzaren bidea errefusatu dute sektoreak bizi duen lan-gatazka konpontzeko; halaber, gatazka horren harira akordioa adosteko Hezkuntza Sailak duen "erantzukizuna" onartu dezala eskatu diote.
Sindikatuotako ordezkariak Eusko Legebiltzarreko Hezkuntza batzordean izan dira astelehen honetan EH Bilduk eskatuta, patronala eta sindikatuen arteko lan-gatazkaren inguruko nondik norakoak azaltzeko, ikasturte honetan 24 greba egun izan baitituzte gizarte ekimeneko itunpeko ikastetxeetan.
Itunpeko ikastetxeetako patronalen eta sindikatuen arten ez da inolako aurrerapausorik eman lan-hitzarmena berritzeko. Hamar urte baino gehiago daramatza berritu gabe eta 8.000 langileri eragiten die.
Gizarte ekimeneko itunpeko ikastetxeetako sindikatuek (ELA, CCCO, Steilas, LAB eta UGT) eta bi patronal nagusiek (Kristau Eskola eta Aice-Izei) maiatzaren 30ean egin zuten azken bilera Bilboko Lan Harremanetarako Kontseiluan, baina ez zuten inolako aurrerapausorik eman lan-hitzarmena berritzeko. Cristina Uriarte Hezkuntza sailburua ere bilerara deituta zegoen, baina ez zen joan.
Miren Zubizarreta ELAko ordezkariaren esanetan, ez dute bitartekotza bidea baztertzen, baina egun bitartekotza emateko baldintzak ematen ez direla gaineratu du, bi aldeek planteamenduak egiteko aukera baitute oraindik.
Zubizarretaren ustez, Hezkuntza Sailak bitartekotzaren aukera gomendatu du gatazkan duen erantzukizunetik libratzeko.
EH Bildu, Elkarrekin Podemos eta PP alderdiek, berriz, gatazka konpontzeko Hezkuntza Sailaren inplikazio falta gaitzetsi dute.