Ekonomia -
Osasuna
Gurutzetako Pediatriako ebakuntza gela gauez ixteko erabakia salatu dute sindikatuek
Ohar batean adierazi dutenez, "itxierak ez du justifikaziorik". Bestalde, Osakidetzak ziurtatu duenez, Pediatriako ebakuntza gela gaueko txandan ixtea ez dute "sekula" planteatu.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Gurutzetako Ospitaleko (Barakaldo) sindikatuek (ESK, SATSE, ELA, SME/FFHE, UGT, CCOO, SAE eta UTESE) salatu dute gaueko txandan Pediatriako ebakuntza gela itxi egiten dutela. Sindikatuen esanetan, "ulertezina" da erabakia, "bai Bizkaian, bai gertuko lurraldeetan, Gurutzetako Pediatriako larrialdi zerbitzua erreferente delako".
Ohar batean adierazi dutenez, "itxierak ez du justifikaziorik", larrialdi zerbitzu bat delako eta, besteak beste, jaioberriekin lotutako urgentziak, kolpeak, odol-ateratzeak edota ebakuntzen ondotik izandako arazoak artatzen dituztelako. "Horrelako kasuetan, galdutako minutu bakoitza hil ala bizikoa izan daiteke umeen osasunerako", nabarmendu dute.
Horregatik, sindikatuek ohartarazi dute "zirujauen, anestesisten eta erizainen babesik gabe" hartutako erabaki horrek ondorio larriak izan ditzakeela haurren osasunean.
Hori horrela, Gurutzetako Ospitaleko gerentziari eskatu diote "atzera egin eta zentzugabekeria hori geldi dezala".
Bestalde, Osakidetzak ziurtatu duenez, Pediatriako ebakuntza gela gaueko txandan ixtea ez dute "sekula" planteatu. "Beti bezala martxan egongo da hiru txandatan, goizean, arratsaldean eta gauean, eta 24 ordu egunean, urteko egun guztietan", erantsi du.
Osakidetzak Gurutzetako Ospitaleko sindikatuei erantzun die agiri batean. "Giza baliabideen berrantolaketa bat egiten ari dira, lan baldintzak, karteldegiak eta eskuratutako eskubideak aldatu barik", zehaztu du zuzendaritzak.
"Larrialdietako eta Pediatriako ebakuntza geletako erizainen koordinazioan lanean ari dira, premiazko ebakuntzetan beti Pediatrian adituak diren langileek haurrak artatzea bermatzeko, kalitate eta segurtasun handienarekin eta eraginkortasuna hobetuz", nabarmendu du.
Horregatik, "ez da ebakuntza gela bat ixtea, baliabideen erabileran hobekuntza bat baizik, eskaintzen ari garen kalitatea bermatuz".