Ekonomia -
Lan gatazka
Bizkaiko metalgintzako grebaren jarraipena % 85ekoa izan da, sindikatuen arabera
Gainera, ELA, CCOO, LAB eta UGT sindikatuek lanuzteak deitu dituzte ekainaren 7rako, 21erako eta 22rako.
Agentziak | Erredakzioa
Bizkaiko metalgintza sektoreko langileek greba eguna dute ostegun honetan, ELA, CCOO, LAB eta UGT sindikatuek deituta, "hitzarmen duin" baten alde. Sindikatuen esanetan, grebaren jarraipena "oso zabala" izan da, % 85 ingurukoa.
Greba egun honetan, langileek elkarretaratzea egin dute BEC kanpoaldeko zabalgunean, 11:30ean.
Mikel Etxebarria ELA sindikatuko ordezkariak kazetarien aurrean azpimarratu duenez, gaurko greba eguna "handia" izaten ari da, "orokortua" eta "homogeneoa". Zehazki, jarraipena % 85 ingurukoa izan dela gaineratu du.
Haren esanetan, jarraipena maiatzaren 23koa baino handiagoa izaten ari da eta "Bizkaian erreferentzia diren enpresak gelditu egin dira". Gaineratu duenez, Petronorreko azpikontratak (3.000 langile inguru) "ez dira lanera sartzen ari" eta "enpresa asko gelditu dira, handiak zein txikiak".
Etxebarriak biharko greba egunarekin ere bat egiteko deia egin die langileei, "greba handia izan dadin eta enpresa eta langile gehiago batu daitezen". Biharko, manifestazioa deitu dute Bilbon. Jesusen Bihotza plazatik aterako da manifestazioa, 11:30ean, eta Euskadi plazarainoko bidea egingo dute, FVEMren egoitza dagoen tokiraino.
Halaber, ekainaren 17an baiezkorik ezean, sindikatuek ekainaren 20 eta 21ko lanuzteei eutsiko dietela ohartarazi dio Etxebarriak patronalari.
Maiatzaren 23an egin zuten lehenengo greba eguna, eta astelehenean negoziazio mahaiarekin egindako bileran akordiorik lortu ez zutenez, bigarren deialdi honi eutsi diote sindikatuek. Izan ere, Bizkaiko Metalgintzako Enpresen Federazioak (FVEM) egindako proposamenak "urriak" direla uste dute.
Patronalak aurkeztutako azken proposamenak % 3,4ko igoera aurreikusten du 2019ko urtarrilaren 1eko soldaten tauletan, baita ultraaktibitatea mugagabea izatea eta hitzarmeneko taulen igoerak 2019 eta 2020rako.
'Langileei burla egitea' egotzi diote patronalari
Bizkaiko metalgintza sektoreko greba deitu duten sindikatuentzat "etsigarria" da patronalaren proposamena, eta Bizkaiko Metalgintzako Enpresen Federazioari (FVEM) "sektoreko langileei eta ordezkariei burla egitea" leporatu dio, astelehenean izan zuten bileraren ostean. "Ez zuten ezta lanuzteak bertan behera uztea ere", esan du CCOOko Iker Gonzalok. Ordezkariarentzat, patronala "pultsu bat mantentzearen eta ahultzeko estrategiaren alde egiten ari da".
Asteleheneko bileran sindikatuek "gutxienez FVEMen mugimendu serio bat espero genuen", azaldu du Gonzalok, "eta topatu genuenaren arabera, ematen du langileei burla egiten dietela, eta horrela esan genien argi eta garbi".
Sindikatuen ikuspuntutik, patronalaren proposamena "bere egunean negoziazio mahaian egin zutena baino eskasagoa da, 2018 hitzarmenetik kanpo uztea proposatzen dute eta, eta urte horretarako ez dute igoerarik edo atzeraeraginik proposatzen, eta 2019 eta 2020rako proposatu zutena ere aurretik proposatutakoa baino eskasagoa da, errefusatu egin genuena".
CCOO Euskadiko ordezkariak gehitu duenez, lau sindikatuek elkarrekin osatutako plataformak proposatutako hamar puntuen artean, patronalak ez du "ezertxo ere ez zehaztu, ez subrogazioa, genero berdintasuna, lan osasuna, subrogazio eskubidea, behin-behinekotasuna, malgutasuna edo aldi bateko lanen enpresen kontratazioa murrizteko neurriak ezta jardunaldia murrizteari buruz ere".