Ekonomia -

Etxebizitza

Alokairuaren prezioa mugatzea eskatu du ELAk, goraka jarrai ez dezan

Halaber, etxeak hutsik dituzten jabeak zigortzea galdegin du. Urteko lehen hiruhilekoan alokairuaren batez besteko prezioa berriro garestitu da: 1.047,7 eurotan ezarri dute.

Etxebizitzak. Artxiboko argazkia: EiTB
Etxebizitzak.
Etxebizitzak. Artxiboko argazkia: EiTB

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

ELA sindikatuak alokairuaren prezioari gehienezko muga bat ezartzea eskatu du, gehiago garestitu ez dadin, eta, ildo berean, etxebizitzak hutsik dituzten jabeak zigortzea galdegin du.

ELAk etxebizitzen alokairuaren buruzko ikerketa bat egin dute eta lan horren ondorioak aurkeztu dituzte gaur Mikel Noval eta Xabier Zabala ordezkariek.

Zabalak Eustatek emandako datuetan oinarrituta azaldu duenez, urteko lehen hiruhilekoan berriro garestitu da alokairuaren batez besteko prezioa Euskal Autonomia Erkidegoan, eta 1.047,7 eurotan ezarri dute, iaz baino % 10 garestiago, orduan batez besteko prezioa 952,2 eurokoa baitzen.

Horrez gain, etxebizitzaren prezioak % 8,9ko igoera izan du 2018ko lehen hiruhilekoarekin alderatuta.

Lurraldez lurralde, prezioak ezberdinak dira. Gipuzkoan alokairuaren batez besteko prezioa 1.257,2 eurokoa da eta urte arteko igoera % 16,2koa izan da; Bizkaian batez besteko prezioa 967,3 eurokoa da, iaz baino % 0,3 garestiago; eta Araban, prezioa 882,1 eurokoa da, iaz baino % 11,8 garestiago.

Zabalak erantsi du alokairuaren prezioa 2013tik urtero ari dela goraka. Zehazki, orduz geroztik % 26,9 garestitu da.

Neurri zehatzak garestitzea gelditzeko

Mikel Novalek azpimarratu du etxebizitzaren arazoa "politika publikoen" ondorio dela eta, beraz, erakundeen ardura dela irtenbidea bilatzea.

"Gipuzkoaren kasuan, esaterako, batez besteko soldataren % 70 alokairura bideratu beharko litzateke, eta horrelako prezioak ordaintzea ezinezkoa da lanean ari diren herritarren gehiengoarentzat", kritikatu du.

Horrenbestez, eta pertsona guztiei etxebizitza bat izateko eskubidea bermatzeko, alokairu sozialak bultza ditzatela eskatu die agintari politikoei, etxeak erostea sustatu beharrean.

Etxebizitzaren arazoari aurre egiteko neurri zehatzak proposatu ditu Novalek, besteak beste, etxebizitzak hutsik dituzten jabeak zigortzea, alokairuari gehienezko prezio bat ezartzea, oporretarako alokairuak mugatzea eta etxebizitzaren funtzio soziala bermatzea, espekulatzeko tresna gisa erabili ez dadin.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bizkaia Gipuzkoa Araba ELA Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Sindikatuak Etxebizitza Eustat