Ekonomia -
Lan-gatazka
Aurrerapausorik ez, itunpeko ikastetxeetako patronalen eta sindikatuen arteko bileran
Kristau Eskolak esan du ostegun honetako batzarrera proposamen berri bat eraman duela, baina sindikatuek zehaztu dute neurri horiek beren aldarrikapenetatik oso urrun daudela.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Gizarte ekimeneko itunpeko ikastetxeetako sindikatuek eta bi patronal nagusiek bilera egin dute Bilboko Lan Harremanetarako Kontseiluan, baina ez dute inolako aurrerapausorik eman lan-hitzarmena berritzeko. Hamar urte baino gehiago daramatza berritu gabe.
Alde batean, sindikatuak izan dira (ELA, CCCO, Steilas, LAB eta UGT), eta bestean, bi patronal nagusiak: Kristau Eskola eta Aice-Izei.
Cristina Uriarte Hezkuntza sailburua ere bilerara deituta zegoen, baina ez da joan, asteartean Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak aurreratu zuen moduan.
Mikel Ormazabal Kristau Eskolako zuzendari nagusiak "proposamen berri bat" eraman du batzarrera, baina sindikatuek atzera bota dute, "maiatza hasierako greben aurretik aurkeztu ziguten bera delako".
Batzarra amaituta, Ormazabalek ziurtatu du eskaintza horrek "elementu ezberdinak" dituela, aurreko dokumentuekin alderatuz gero, tartean soldatari lotutakoak.
"Ez da urratsik izan, baina nola negoziatuko dugun argitu dugu, gure proposamena helarazi diegu eta ekaineko bileran horretaz hitz egingo dugu", erantsi du Ormazabalek.
Bestalde, Miren Zubizarreta ELA sindikatuko ordezkariak Cristina Uriarte Hezkuntza sailburuaren falta kritikatu du, "sail horren parte-hartzea oso garrantzitsua baita gatazka hau konpondu ahal izateko".
Patronalek aurkeztutako dokumentuari dagokionez, "maiatzaren 8ko eta 9ko lanuzteen aurretik egin ziguten proposamenaren oso antzekoa da, eta orduan baztertu genuen", gogoratu du.
Nobedade bakarra soldatari buruzko puntuan dagoela esan du, baina ohartarazi du ez dela nahikoa, langileen aldarrikapenetik "oso urrun" dagoelako.
Horrenbestez, "hurrengo bilerara urratsak ematea ahalbidetuko duen proposamen berri bat" ekartzeko eskatu die patronalei.
Nolanahi ere, sindikatuek udan negoziatzen jarraitzeko borondatea daukatela berretsi du, lan-gatazka honi behin betiko irtenbidea emateko asmoz.