Ekonomia -
Pentsiodunak
Imsersoko bidaiak, oraingoz bertan behera
Imsersoko bidaia-programaren aurkako helegitea aurkeztu zuten hotelariek, sektoreari kalte "konponezina" egiten diola argudiatuta.
Agentziak | Erredakzioa
Ogasun Ministerioren menpeko Administrazio Auzitegiak Imsersoko turismo-programaren lizitazioa behin-behinean bertan behera utzi du, hotelen sektoreak eskatutako kautelazko eta behin-behineko neurriak onartuz, CEHAT hotelen patronalak ostegun honetan jakitera eman duenez.
Imsersoko bidaia programaren aurkako helegitea aurkeztu zuten hotelariek, sektoreari kalte "ia konponezina edo konponezina" egiten diola argudiatuta. Horregatik, kontratazio prozedura behin-behinean etetea eskatu zuten.
Aurretiazko ebazpen honekin pozik agertu dira Espainiako hotelariak agiri batean. Turismo, Osasun eta Gizarte Gaietako arduradunekin biltzea espero dute, arazoari irtenbide bat eman ahal izateko. Horretarako, akordio bat itxi behar dute alde guztiek.
Auzitegi berak auziaren muina ebatzi bitartean, ez dute programa esleituko. Kautelazko neurriak onartzea prozeduraren emaitza baldintzatuko ez duela erantsi du Auzitegiak.
Adinekoen Opor Programaren (IMSERSO) baldintza-agiria auzitara eraman zuten Espainiako hotelariek maiatzaren 8an, apirilean iragarri bezala. Bidaiok kalte handia egiten dietela argudiatu zuten hotelariek, datozen lau urteetarako "eskuak eta hankak lotuta" zituztelako eta sektorea "azken beltzera" zeramalako.
CEHATen hitzetan, 350 hoteli eta 12.000 langileri eragingo zien egoerak.
"Estatuak negozio biribila egiten du" Imsersoko opor-paketeekin; izan ere, "inbertitzen duen euro bakoitzeko 1,5 berreskuratzen ditu" Gizarte Segurantza, PFEZ atxikipena, BEZ edo langabezia-prestazio ez ordainduetan, patronalak berak duela gutxi txosten batean zehaztu zuenez.
Hotelen sektoreak salatu zuenez, baldintza-agiriaren arazoa programaren diseinu ekonomikoa da. Galerak saihesteko, pertsona eta egun bakoitzeko prezioa 25 euro ingurukoa izan beharko litzateke, 22,1 eta 22,5 eurokoa izan beharrean.