Ekonomia -
Enpresaren Eguna
'Egonkortasunaren' aldeko apustua berretsi du Urkulluk Adegiren batzar nagusian
"Kalitate handiagoko enplegu baten" alde lanean jarraitu behar dela onartu du lehendakariak. Adegik, ordea, Gipuzkoako "lanpostu gehienen kalitatea" defendatu du.
Agentziak | Erredakzioa
Iragan igandeko hauteskundeen emaitzak "konfiantzaren" ikuspuntutik irakurtzen dituztela esan du Iñigo Urkullu lehendakariak. "Egonkortasun politiko eta instituzionala" lantzen jarraituko duten "balioa" dela erantsi du buruzagiak.
Enpresaren Eguneko ekitaldian, Donostian, egin ditu adierazpenak. Adegi Gipuzkoako patronalak batzar nagusia egin du. Eduardo Junkera enpresaburuen buruzagiak ere hitza hartu du.
Urkulluren hitzetan, iragan igandeko hauteskundeen emaitzak herritarrek "euskal erakundeen kudeatzeko eran konfiantza" dutenaren isla dira. "Enpresa munduarekin eta ekimen pribatuarekin hurbiltasun eta lankidetza mantentzea" aldarrikatu du lehendakariak. "Egonkortasun politiko eta instituzionala lantzen jarraituko dugun balioa da", gaineratu du.
"Gure erabakia estrategia partekatua eta lankidetza eredua mantentzea da, emaitza onak ematen ari delako" Euskadin, Urkulluk erantsi duenez. Enpresen lana goraipatu du EAEko buruzagiak: "enpleguaren egonkortasunak, behingoz, 2008ko maila harrapatu du"; izan ere, "lau kontratutik hiru luzeak dira".
Hala ere, "kalitate handiagoko enplegu baten" alde lanean jarraitu behar dela onartu du lehendakariak. "Lanpostuen egonkortasuna egonkortasun ekonomiko eta instituzionalaren ondorio da", "segurtasuna eta konfiantza ematen duelako", azpimarratu duenez.
"Kalitateagatik eta berrikuntza gaitasunagatik aintzat hartzen gaituzten herri bat gara. Herri fidagarri eta sinesgarria; estrategia partekatu batekin aurrera jarraitu behar dugu", nabarmendu du Urkulluk. "Trantsizio prozesu bati aurre egin behar diogu berriro", ohartarazi du. Erronka hirukoitza dela zehaztu du: "trantsizio digitala, trantsizio energetikoa eta trantsizio demokratikoa".
Lehendakariaren hitzetan, Euskadi "ekoizpen aurreratutik industria adimendunera" pausoa emateko kapaz izan behar da; digitalizazioaren, energia-eraginkortasunaren eta berrikuntzaren sinonimoa. "Lankidetza edo erosketa prozesuen" bidez hazteko aukera bat da, "negozio eta merkatuak dibertsifikatzeko, eta ikerketa eta garapen proiektuei heltzeko", azpimarratu duenez.
Eduardo Junkera Adegiko presidenteak enpresaren papera goraipatu du, "garapen eta aurrerapenaren motorra" eta ongizate eta aberastasun iturri direlako. Gipuzkoako "lanpostu gehienen kalitatea" defendatu du Junkerak.
Gipuzkoako patronalak Fresmak eta Kiro Grifols saritu ditu ekitaldian.