Ekonomia -
Osakidetzaren LEP-A
ESK-k salatu du epaitegian deklaratu zuen anestesista bota egin duela Osakidetzak
Marta Machok filtrazioak salatu zituen atzo epailearen aurrean egindako deklarazioan. Gaur jakinarazi diote kontratua ostiralean amaituko zaiola. Murga sailburuak esan du bi kontuak ez daudela lotuta.
Agentziak | Erredakzioa
ESK sindikatua salatu duenez, Osakidetzak gaur jakinarazi dio Marta Macho anestesistari ostiralean amaituko zaiola kontratua. Macho Osasun Zerbitzu Publikoaren azken Lan Eskaintza Publikoan (LEP) irregulartasunak salatu zituen profesionaletako bat da, eta atzo salaketa berretsi zuen epailearen aurrean.
Gasteizko Instrukzio-epaitegian lekukotzak ematen hasi ziren atzo, Osakidetzako oposizioan irregulartasunak ikertzen ari den auzian. Anestesia, Angiologia eta Digestiboko hiru mediku daude ikerketapean. LEParen azterketak filtratzeagatik sekretuen jabe egin eta zabaltzea leporatu die Fiskaltzak.
Marta Macho anestesista izan zen, hain justu, deklaratzen lehena, eta LEPan "filtrazioak" egon zirela berretsi zuen. Patxi Nicolau ESK sindikatuko ordezkariak azaldu duenez, "gaur jakinarazi diote kontratua maiatzaren 31n amaituko zaiola".
Machok Debagoieneko Ospitalean egiten du lan, murrizketa duen langile bat ordezkatzen. Nicolauren esanetan, "gaur esan diote pertsona horrek eszedentzia hartuko duela, eta, beraz, kontratua amaituko zaiola".
Nolanahi ere, ESK-ko kideak esan du Osakidetzaren kontratazio araudiaren arabera hori ez dela horrela: "Langile bat ordezkatzen ari den pertsonak lanpostu berean jarraitu behar du kontratazioari egonkortasuna emateko, nahiz eta langile horrek eszedentzia bat hartu".
"Kasualitatea da gero! Marta Machok atzo deklaratu zuen eta gaur kalean dela jakinarazi diote", salatu du Nicolauk. Horrela, "kasualitate hori azaltzeko" eskatu die Debagoieneko Ospitaleari eta Osakidetzako Giza Baliabideen Zuzendaritzari. ESK sindikatuaren ustez, "errepresio kasu baten aurrean gaude".
Kaleratzeak salaketarekin zerikusirik ez duela esan du Murgak
Nekane Murga Osasun sailburuak ukatu egin du Osakidetzak Macho "filtrazioak salatzeagatik" kaleratu duela. Horren esanetan, Osasun Zerbitzu Publikoan "ez dago diskriminaziorik, langile guztientzat berdinak diren prozedurak jarraitzen direlako".
Tabakoaren kontrako Egunaren harira agerraldia izan du gaur Murgak, eta ESK sindikatuak egindako salaketari buruz galdetu diote kazetariek. Osasun sailburuaren arabera, "kontratazioen alorrean ezarrita dagoen prozedura darabilgu Osakidetzan. Kontratua amaitzeak ez du zerikusirik langilea epaitegira joatearekin. Bistan denez, ez du inongo harremanik".
Hala ere, prozedurarekin "zalantzaren bat" izanez gero, "berrikusteko bideak daude", azpimarratu du.
Horren arabera, aldatu egin da lanpostuaren jabea lanpostua ez betetzeko kausa, eta, ondorioz, postuan behin-behinean dagoen langilearen kontratua eten egin behar da, eta berriz ere norbait kontratatzeko lan-poltsara jo beharra dago.