Ekonomia -
Lan gatazka
Aguraingo DHL gune logistikoko beharginak, greba mugagabean
110 langile ditu, eta gehienbat Eroskirentzako eta Legazpiko Bellota enpresarentzako lan egiten du. Lan hitzarmenaren negoziazioa zortzi hilabete baino gehiago luzatu da.
Agentziak | Erredakzioa
Aguraingo (Araba) DHL gune logistikoko langileek greba mugagabea hasi zuten iragan ostegunean lan hitzarmenaren defentsan. ELA sindikatuak salatu duenez, zuzendaritzak hitzarmena "edukiz hustu" nahi du.
Aguraingo lantegiak 110 behargin ditu, eta gehienbat Eroskirentzako eta Legazpiko Bellota enpresarentzako lan egiten du. 110 langiletik 80 lan hitzarmenaren eraginpean daude.
Zortzi hilabete baino gehiago negoziatzen eman eta dozena bat bilera baino gehiago egin ondoren greba deitu dute. 2017ko abenduaren 31n hitzarmena amaitu zen, eta "soldata igoerak" merkantzia garraio hitzarmen probintzialari lotzeko asmoa du zuzendaritzak.
Bestalde, ELAren ahotan, soldata eskala bikoitza mantendu nahi du enpresak. Horrela, lan bera egiten duten pertsonak 3.000 euro baino gutxiago kobratzen dituzte, aldi baterako langileak direlako edo hitzarmena sinatu ondoren hasi zirelako lanean.
Salaketa Ikuskaritzaren aurrean
Zuzendaritzak aldi baterako laneko enpresen (ABLE) eta "behin-behinekotasunaren iruzurrezko erabilera" egiten jarraitzen duela salatu du sindikatu abertzaleak. Lan Ikuskaritzaren txosten batek berretsi zuela gogorarazi du ELAk, baita enpresari isuna jarri ere.
Gainera, enpresa-batzordeak salaketa berri bat aurkeztu du Lan Ikuskaritzan. Ebazpenaren zain daude; izan ere, zuzendaritzak gaia negoziazioan eztabaidatzeari uko egin baitio.
Aguraingo DHL gune logistikoko enpresa-batzordearen eta langileen aldarrikapen nagusiak hurrengoak dira: lanaldiaren murrizketa, KPIren araberako soldata igoerak, soldata eskala bikoitza desagertzea eta kontratu mugagabeak.