Ekonomia -

Pentsioak

Espainiako Bankuak erretiro adina atzeratzea eskatu du berriro hauteskundeen ostean

Nahiz eta erabateko adostasuna ez lortu neurriak lehenbailehen hartzea eskatu du erakundeak.

Espainiako Bankuaren Gobernu Kontseilua Oviedon. Argazkia: EFE
Espainiako Bankuaren Gobernu Kontseilua Oviedon.
Espainiako Bankuaren Gobernu Kontseilua Oviedon. Argazkia: EFE

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Pablo Hernandez de Cos Espainiako Bankuaren gobernadoreak pentsio sistemaren jasangarritasuna bermatzeko erreforma bat eskatu du erakundearen urteko txostenean. Iragan legealdian Toledoko Itunak kale egin ondoren, "adostasun zabalak eta justifikaziorik gabeko atzerapenak" saihestea aldarrikatu du erakundeak.

Pentsioak bermatzeko neurri gehiago hartzea beharrezkoa dela ziurtatu du Hernandez de Cosek, diru-sarreren zein gastuen gainean. Benetako erretreta adinaren eta legalaren arteko "lerrokatze handiagoa" errazteko pizgarri berriak eskatu ditu; are gehiago, pentsioen inguruan hartutako azken neurriak jasangarritasun faktorearen aplikazioa 2023ra arte atzeratzea eta pentsioen balioa KPIren arabera handitzea izan direnean.

Nahiz eta erabateko adostasuna ez lortu neurriak lehenbailehen hartzea eskatu du erakundeak, Espainiako Bankuko iturrien arabera.

Urteko txostenean, biztanleriaren zaharkitzeak Espainiako ekonomian izango dituen ondorioak aztertu ditu erakundeak. Besteak beste, hazkunde potentziala, enplegu, aurrezki tasa, kontsumo, inbertsio, soldata, zerga-bilketa eta kotizazio sozialen murrizketa aipatu ditu Espainiako Bankuak.

Erretiroaren prestazioak jasoko dituzten biztanleen (66 urtez gorakoak) eta lan egiteko adinean dauden biztanleen (16-66 urte) arteko ratioa bikoiztu egingo da 2020 eta 2050 artean. Horrek pentsio, osasun eta epe luzeko zaintzan gastu publikoa areagotuko duela uste du Espainiako Bankuak.

Egoera honen aurrean, Espainiako Bankuak neurriak hartu behar direla uste du, horien artean, erretreta adina luzatzea, adineko beharginek lanean jarraitzeko neurriak aplikatuz, lanpostu aldaketa erraztuz, jarduera uztera lagundu beharrean.

Erretiro-adina atzeratzeko neurriak 2011n jarri zituzten mahai gainean, eta 2027an gauzatzeko asmoa dute. 38,5 urtez azpiko kotizazioa duten langileei erretreta 67 urtetara arte atzeratuko diete. Hala ere, benetako erretreta adinak 65 urtez azpitik izaten jarraitzen du, eta "ez du hazteko joerarik azaltzen".

Aldi berean, ordaindutakoaren araberako pentsioen, lan bizitzan egindako ekarpenaren eta bizi-itxaropenaren arteko lotura indartzeko "politikak aztertzea" aldarrikatu du erakundeak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Lana Espainia Gizartea Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Pentsioak