Ekonomia -
EPAIA
Epaileak arrazoia eman dio Igerategiri, eta suhiltzaile postura itzuli ahal izango da
6 urteko zigorra beteta, preso ohiak bere suhiltzaile postura itzultzea eskatu zuen, baina Gipuzkoako Foru Aldundiak ukatu egin zion. Igerategik helegitea jarri zuen, eta epaileak arrazoia eman dio.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Gipuzkoako Foru Aldundiak suhiltzaile postuan onartu beharko du Iñaki Igerategi preso ohia, LAB sindikatuak jakinarazi duenez.
Sei urteko zigorra beteta aske gelditu ostean, suhiltzaile postura itzultzea eskatu zuen 2018ko otsailean, baina Gipuzkoako Foru Aldundiak kontratua etetea erabaki zuen inhabilitatuta zegoela argudiatuta.
Igerategik, ordea, erabakiaren aurkako helegitea aurkeztu zuen Administrazioarekiko Auzien Epaitegian. Maiatzaren 15ean egindako epaiketaren ostean, epaileak preso ohiaren aldeko epaia eman du.
LABen esanetan, "inhabilitazio hori ez da aplikagarria, eta ez dagokio Diputazioari hori zehaztea; hortaz, Igerategi bere lanpostura itzuli behar da".
"Tristea iruditzen zaigu epaile batek argitu behar izatea EAJk bere garaian argi eta garbi izan zezakeena, baina LABen pozez hartu dugu erabakia. Epaia argia da eta helegite batek ez luke aurrera egiteko aukerarik izango. Hori dela eta, bide judizialari amaiera emateko, bere jarrera aldatzeko eta ahalik eta azkarren Igerategi berriro hartzeko eskatzen diogu Aldundiari", gaineratu du LABek.