Ekonomia -
Automobil merkatua
Renault eta Fiat konpainiak bat-egitea aztertzen ari dira
Operazioari heltzeko eskaintza ez loteslea entregatu dio FCAk Frantziako konpainiari. Bat-egitea % 50era egitea proposatu dio.
Agentziak | Erredakzioa
Renault eta Fiat Chrysler Automobiles (FCA) bat-egite posiblea aztertzen ari dira, bi konpainiek astelehen honetan baieztatu dutenez. Bi aldeek % 50a kontrolatuko lukete.
Zehazki, balizko bat-egitea aurrera eramateko FCAren proposamena jaso du Frantziako taldeak. Operazioari heltzeko eskaintza ez loteslea entregatu dio FCAk Frantziako konpainiari. Bat-egitea % 50era egitea proposatu dio.
FCAren hitzetan, bi konpainien arteko batasunarekin diru-sarrera, bolumen, errentagarritasun eta teknologian lider izango litzatekeen automobil taldea sortuko lukete. Guztira, 8,7 milioi ibilgailu salduko lituzke urtean.
Zentzu horretan, bi enpresen baieztapenaren faltan, Financial Times-ek jakitera eman duenez, John Elkann Exor konpainiako (Agnelli familiaren inbertitzailea) buruzagiak konpainia berriaren presidentetza hartuko luke. Bitartean, Jean-Dominique Senard Renaulteko presidentea kontseilari delegatua izango litzateke.
Renault. Argazkia: EFE/EPA/ETIENNE LAURENT
Era berean, iturrien arabera, sozietate berriko zuzendaritza organoa 11 kidek osatuko lukete. FCAk eta Renaultek lau kontseilari izendatuko lituzkete bakoitzak, eta Nissanek beste bat.
Reutersek bozeramaile bati galdetu dionez, Frantziako Gobernuak, Renaulten akziodun nagusiak (% 15eko partaidetza), bat-egitea babestuko luke, xehetasun gehiago ezagutzeko zain.
Zentzu horretan, "enpleguari eta presentzia industrialari dagokiona" Frantziak "bereziki zainduko" du, beste funtzionario batek azaldu duenez. Edozein akordiok Renaulten eta Nissanen arteko aliantza babestu behar du, erantsi duenez.
Bestalde, Ligako diputatu batek Reutersi jakinarazi dionez, Italiako Gobernuak bat-egitean partaidetza bat izatea bilatu dezake, Pariseko Exekutiboaren presentzia orekatzeko.