Ekonomia -
Lan-gatazka
ELAk 26 greba egun deitu ditu Gipuzkoako zahar-etxeetan
Langileek salatu dute emakumeak direlako jasaten dutela prekarietatea, eta azpimarratu dute azkeneraino egingo dutela borroka. Lanuzteak ekainean eta uztailean izango dira.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
ELAk beste 26 greba egun deitu ditu Gipuzkoako zahar-etxeetan. Lanuzteak ekainaren 17tik uztailaren 12ra bitartean izango dira. Dagoeneko 62 greba egin dituzte lan baldintza hobeak eskatuz.
Txomin Lasa ELA sindikatuko ordezkariak esan du maiatzaren 26ko hauteskundeetan edozer gertatzen dela ere, gatazkak hor jarraituko duela eta, beraz, Gipuzkoako Foru Aldundian dagoenak gatazka konpontzeko ardura izango duela.
"Gure borroka alderdi eta hauteskundeen gainetik dago, eta langileek kalean jarraituko dute", ohartarazi du.
Beharginek ere azpimarratu dute "azkeneraino" joateko prest daudela "kalitatezko zerbitzua" lortzeko borrokan.
Sektore honetan langile ia guztiak emakumeak dira. Hain zuzen ere, prekarietatea emakumeak direlako pairatzen dutela salatu dute. "Baldintza oso txarretan egiten ditugu zaintza lanak, aldi baterako kontratuekin eta sektore honetako gizonek baino gutxiago kobratuta", kritikatu dute.
Halaber, gizonen eta emakumeen arteko soldata arrakala urtean 6.000 eurokoa dela jakinarazi dute. Honen guztiaren arduradunak Markel Olano Gipuzkoako ahaldun nagusia eta Maite Peña Gizarte Politiko diputatua direla salatu dute. "Jakin dezatela beren gezurrak jada ez dituela inork sinesten", gaineratu dute.
Batasun sindikalari dagokionez, Lasak esan du ELAk eskua luzatuta jarraitzen duela, baina "zail" ikusten duela borroka bateraturik egitea, "LABek 10-15 greba deitu dituenean eta CCOOk eta UGTk bat bera ere ez".