Ekonomia -

Osakidetza

Osakidetza LEPa ikertzeko auzitik kanpo uzteko erabakia berretsi du epaileak

Osakidetzaren zerbitzu juridikoak epaileak emandako azalpena aztertuko du, erabaki bat hartu aurretik. Arabako Lurralde Auzitegian helegitea jartzeko aukera dauka.

Osakidetzako LEPa. Artxiboko argazkia: EFE
Azterketak Osakidetzako LEPan.
Osakidetzako LEPa. Artxiboko argazkia: EFE

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Osakidetzaren Lan Eskaintza Publikoan (LEP) ustez izandako irregulartasunak ikertzen ari den epaileak auzian pertsonatzeko eskaera ukatu dio, bigarren aldiz, Eusko Jaurlaritzaren osasun zerbitzuari.

ESK sindikatuak ostiral honetan baieztatu duenez, Gasteizko 2. instrukzio epaitegiko epaileak uko egin dio EAEko osasun zerbitzua epaiketa horretan kaltetu gisa edota akusazio partikular moduan aurkezteko egindako eskaerari. Dena dela, Osakidetzak Arabako Lurralde Auzitegian helegitea jartzeko aukera dauka oraindik.

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak jakitera eman duenez, Osakidetzaren zerbitzu juridikoak epaileak emandako azalpena aztertuko du, erabaki bat hartu aurretik.

Maiatzaren 7an, epaileak lehen aldiz ukatu zion Osakidetzari LEPeko ustezko irregulartasunen auzian pertsonatzea. Orduan, exekutiboak helegitea jarri zuen, Osakidetzak prozesu honetan parte hartzeko duen “interes handia” arrazoituta. Oraingoan, gauza bera ebatzi du epaileak, eta Eusko Jaurlaritza LEPa ikertzeko auzitik kanpo uzteko erabakia berretsi du.

Osakidetzako oposizioetan irregulartasunak salatu zituzten medikuen eta lekukoen deklarazioak entzun aurretik hartu du epaileak erabakia. Maria Jesus Mugica Osakidetzako zuzendari nagusi ohiak lekuko gisa deklaratuko du, eta Anestesiologia, Angiologia eta Digestiboa espezialitateen arduradunek ikertu bezala, desleialtasuna agirien zaintzan eta sekretuak agerraraztea delituen ustezko egileak bezala. Halaber, beste hamar medikuk lekuko gisa deklaratuko dute.

Sindikatu batzuek jarritako salaketen ostean ireki zen auzia. EAEko Fiskaltza Nagusiak ikerketa hasi zuen, 19 espezialitate medikotan irregulartasunik izan ziren jakiteko.

Ikerketaren ostean, sekretuak agerraraztearen zantzuak ikusi zituen fiskalak Anestesiologia, Angiologia eta Digestiboa espezialitateen arduradunen ekintzetan, eta hirurak inputatu gisa deklaratzera deitzea erabaki zuen. Era berean, Juan Carlos Soto Giza Baliabideen zuzendari ohia, Xabier Balerdi Giza Baliabideetako zuzendariordea eta Andoni Arcelay Osasun Arretako zuzendaria galdekatuko ditu epaileak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika albisteak Albisteak Osakidetza Eusko Jaurlaritza albisteak EAE albisteak Lana albisteak Ekonomia Albisteak Gaur Eguneko albisteak