Ekonomia -
GIPUZKOA
Sorosleen mobilizazioekin has daiteke hondartza denboraldia Donostian
ELAk salatu duenez, Udalak ez du errespetatu iazko sorosleen mobilizazioei amaiera eman zien akordioa.
EITB.EUS
Ekainaren 1ean hasiko da ofizialki hondartza denboraldia Donostian, baina ELA sindikatuak salatu duenez, gaur-gaurkoz, segurtasuna bermatu gabe dago.
Aurten, Udalak BPXport enpresaren esku utzi du zerbitzua, Gurutze Gorriaren eskaintza bertan behera gelditu ostean. Gurutze Gorria izan zen, hain zuzen ere, lehiaketara aurkeztu zen bakarra, baina aurkezpenean egindako akatsak tarteko, atzera bota zuten. Hautagaiek probak egin dituzte, baina oraindik ez dakite nortzuk eta zein baldintzatan lan egingo duten.
Maddi Aspiazu ELAko bozeramaileak salatu duenez, Udalak ez du iaz sinatutakoa errespetatu. Iragan udan, mobilizazioak egin zituzten sorosleek eta akordio horrek ahalbidetu zuen, hain justu, gatazka bideratzea. Aspiazuren esanetan, Udalak hitzarmen berria aplikatzeko eta subrogazioa ezinbesteko baldintza izateko konpromisoa hartu zuen.
"Nahitaezko subrogazioa ezinbesteko baldintza izan zen akordioa lortzeko, baina orain Udalak ez du hori baldintzen artean jarri zerbitzua esleitzeko. Horrek beteranoen jarraitasuna eta beraien antzinatasuna kolokan jarri ditu", gaineratu du.
Aspiazuk ziurtatu duenez, Donostiako Udala izan da baldintza hori gehitu ez duen bakarra.
ELAko ordezkariaren arabera, BPXport enpresak ez du oraindik argitu iaz lortutako baldintzak errespetatuko dituen eta zein langile kontratatuko dituen.
Hori dela eta, ELAk ez du baztertzen mobilizazioak adostutako baldintzak % 100ean betetzen ez badira.