Ekonomia -

Lan-gatazka

Gipuzkoako zahar etxeetako langileek itxialdia egin dute Foru Gobernuaren egoitzan

Ertzaintzak arrastaka atera ditu denak, bi ordu geroago. Protesta LAB sindikatuak deitu du. Lan-hitzarmen duina eskatzen dute sektore horrentzat.

Zahar etxeetako langileak Gipuzkoako Foru Aldundiaren egoitzan. Argazkia: EFE
Zahar etxeetako langileak Gipuzkoako Foru Aldundiaren egoitzan.
Zahar etxeetako langileak Gipuzkoako Foru Aldundiaren egoitzan. Argazkia: EFE

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gipuzkako zahar etxeetako langileak Foru Aldundiaren egoitzan sartu dira gaur goizean, protesta egitera.

LAB sindikatuak deituta, lanuzteak eta mobilizazioak abiarazi dituzte astearte honetan, sektore horretako beharginentzat lan-hitzarmen duina aldarrikatzeko.

Goizeko 11:00etan sartu dira Aldundian, eta protesta 15:30 inguruan eman dute amaitutzat, Ertzaintzak langile guztiak arrastaka atera ostean. Ordu horretan itxi dute eraikina, ohi baino bi ordu eta erdi lehenago.

LABek ohar bidez azpimarratu duenez, aipatu sektorean 5.000 langile ari dira beharrean, gehienak emakumezkoak dira, eta egun hitzarmenik gabe daude.

Horrela, bada, sindikatuak lanuzteak eta protestak antolatu ditu gaurtik eta larunbatera bitartean Gipuzkako zahar egoitzetan.

Egoera honen arduradun nagusia Foru Aldundia dela salatu du: "Beste aldera begiratzeaz gain, Adegi eta Matia 2000 patronalekin eta ELA sindikatuarekin negoziazio paralelo bat egiten ari da, negoziazio mahaitik kanpo eta langileen gainetik".

"Jarrera horrekin negoziazio mahaiari balioa kentzea, elkarrizketa gune hori blokeatzea eta sektorean konfiantza falta areagotzea eragin dute", erantsi du.

Sindikatuak nabarmendu duenez, "langileak dira Gipuzkoako zahar etxeetako zerbitzuaren sostengua; beren lanari esker bermatzen diren egoitzetan bizi diren pertsonen oinarrizko eskubideak, gehienetan langileen osasunaren kontura, tamalez".

Amaitzeko, LABek jakinarazi du zahar etxeetako eredua aldatzeko eta sektore horretako langileen eskubideak errespetatzeko lanean eta mobilizatzen jarraituko duela.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Gipuzkoa LAB Lana Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Adinekoentzako egoitzak Sindikatuak Lan gatazkak Gipuzkoako Foru Aldundia albisteak