Ekonomia -

LAN GATAZKA

Osakidetzako Lehen Arretako langileek egungo eredua eskasa dela salatu dute

Grebaren jarraipena % 65ekoa izan dela azaldu du ELA sindikatuak. Osakidetzak, ostera, grebaren jarraipena % 35ekoa izan dela esan du. Hilabeteko epean, bigarren greba eguna da.

Lehen Arretako langileak, greban. Argazkia: EFE
Lehen Arretako langileek apirilean egindako mobilizazioa
Lehen arreta duina eskatzera joan dira osasun zerbitzuko langileak

1:22

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Greba eguna izan dute ostiral honetan Osakidetzako Lehen Mailako Arreta zerbitzuan, besteak beste, prekarietatea salatu eta hobekuntzak eskatzeko. Guztira, 5.000 langile zeuden greba egitera deituta. Greba deialdiak eragin nabarmena izan du osasun zentroetako eguneroko martxan. Gaurkoa bigarren greba eguna da; izan ere, apirilaren 12an egin zuten lehendabiziko lanuztea. Lehen Mailako Arretako egungo eredua “guztiz eskasa” dela salatu dute sindikatuek.

Asteartean Eusko Jaurlaritzak Familia Medikuntzako eta Erizaintzako 46 plaza sortzea onetsi bazuen ere, Satse, ELA, LAB, CCOO, UGT eta ESK sindikatuek eta Lehen Arretako Arnasberritzen plataformak grebari eustea erabaki dute.

EAEko Medikuen sindikatuak ere bat egin du mobilizazioekin.

Deitzaileen esanetan, Lehen Arreta zerbitzua egoera larrian dago, eta bertan lan egiten duten profesionalek lan-karga jasanezinak pairatzen dituzte eta eurenak ez diren funtzioak betetzen dituzte. Horrez gain, gaixoek gero eta denbora gehiago itxaron behar izaten dutela salatu dute.

Sindikatuen aldarrikapen nagusia lantaldea handitzea da, langileek pazienteekin egoteko denbora gehiago izan dezaten. Gainera, mediku bakoitzeko erizain bat egotea eta baja guztiak ordezkatzea aldarrikatzen dute.

Grebaren jarraipena % 65ekoa izan dela azaldu du ELA sindikatuak. Sektoreko mila bat profesional baino gehiagok protesta egin dute Donostian, langileen "egoera larriarentzako erantzunak" eskatzeko.

Greba "masiboa" izan dela ziurtatu du ELAk agiri batean. "Zentro askotan % 100ek greba egin dute, medikuek, pediatrek eta administrari laguntzaileek bereziki", zehaztu duenez. Guztira, jarraipena % 65ekoa izan da.

Osakidetzak, ostera, grebaren jarraipena % 35ekoa izan dela esan du. Lurraldeka, Bizkaian % 37, Araban % 36 eta Gipuzkoan % 31koa izan dela azaldu du. Kategoria profesionalen arabera, medikuen % 56k greba egin dute, erizainen % 19k eta gainerakoen % 27k.

Juan Luis Diego Osakidetzako zuzendari nagusiak agerraldia egin du komunikabideen aurrean. Apirilaren 12an, aurreneko greba egunak izandako jarraipenaren "antzekoa" izan du gaurkoak.

Eragozpenengatik barkamena eskatu die Juan Luis Diegok erabiltzaileei, eta beharginen greba eskubidearenganako "errespetua" agertu du, baina Osasun Sailaren "elkarrizketarako" apustuari "erantzun egokia ez" dela erantsi du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Osakidetza berriak ELA albisteak LAB albisteak Grebak EAE albisteak Lana berriak Ekonomia Eguneko albisteak Gaurko azken orduko albistea Medikuntza albisteak CCOO albisteak UGT azken ordukoa Lan gatazkak azken ordukoa ESK sindikatuaren azken ordukoa Anbulatorioak albisteak Sendagileen albisteak Erizainak azken ordukoa