Ekonomia -
Akordioa
Avanza taldeak Pesa garraio enpresa erosi du
Erabakia langileei jakinarazi diete, baina Espainiako Merkatu eta Lehia Batzordearen oniritzia falta da oraindik. Diru kopuruen inguruko xehetasunik ez da zabaldu.
eitb.eus
Avanza talde mexikarrak Pesa garraio enpresa erosi du ostegun honetan, EiTBk jakin duenez. Diru kopuruen inguruko xehetasunik ez da zabaldu.
Erabakia goizean bertan jakinarazi diete Pesako langileei, baina Espainiako Merkatu eta Lehia Batzordearen oniritzia falta da oraindik. Langileek lan-baldintzak mantentzea eta orain arte enpresak izan duen izaerari eustea eskatu dute.
Avanza taldeak prentsa ohar bat zabaldu du akordioaren berri emateko. Idatzi horretan, bi enpresek garraio sektorean duten “esperientzia eta bermea” nabarmendu ditu ADO taldearen parte den talde mexikarrak. Ildo horretatik, erabiltzaileei kalitate handiko zerbitzuak eskaintzeko elkarrekin lan egingo dutela jakinarazi du.
Dena dela, Pesak orain arteko “egiturarekin eta ibilbidearekin” jarraituko duela aurreratu du Avanzak. Gauzak horrela, hiru lurralde historikoetako “herri garrantzitsuenetan” eskainiko dute garraio zerbitzua.
Era berean, Euskadin finkatzeko asmoa azpimarratu du talde mexikarrak, bere “lidergoa sendotu eta mugikortasun alorrean erreferente bihurtzeko”. Hala, herritarren egungo “mugikortasun beharrei erantzuteko” prest agertu da Avanza.
Transportes Pesa euskal enpresa 1955ean sortu zuten bi garraiolari bazkidek, bien lineak elkartu eta herritarrei zerbitzu hobea eskaintzeko asmoz. Gaur egun, 2 milioi bidaiari eramaten ditu urtean, bereziki Gipuzkoan.
Bestalde, 2002an sektoreko hiru enpresek bat eginda sortu zen Avanza taldea. Espainiako Estatuan sektoreko bigarren enpresa garrantzitsuena da, eta Mexikoko ADO taldearen parte da 2013tik.