Ekonomia -
Trokelgintza
Troquelmain enpresak ateak itxi eta 80 langile kaleratuko ditu Sopelan
Enpresa batzordeak enpresaren erabakia salatu du, aste honetan iragarri baitio konkurtso-administratzaileak lantegiaren itxiera.
Agentziak | Erredakzioa
Sopelako Troquelmain XXI (Dismodel ohia) lantegiaren itxiera eta 80 langileen kaleratzea salatu dute sindikatuek. Enpresa batzordearen esanetan, aste honetan iragarri dio konkurtso-administratzaileak lantegiaren itxiera. Langileak lan-erregulazio espedientean daude egun.
Enpresak Maliañon (Kantabria) dauka bere egoitza, eta bi lantegi ditu; Maliañokoa (Candemat ohia) eta Sopelakoa.
Lantegiak ibilgailuentzako trokelak egiten ditu Sopelan. 2017ko ekainean erosi zuten Kantabriakoarekin bat-egiteko, baina hartzekodunen konkurtsoan sartu zen handik urtebetera. Egun, kontratua eteteko lan-erregulazio espedientea du zabalik.
Konkurtso-administratzaileak aste honetan bertan jakinarazi dio enpresa batzordeari Sopelako lantegia ixteko asmoa. Horren aurrean, lantegia Troquelmain bihurtu zenetik izandako "utzikeria" salatu dute sindikatuek.
Sopelako enpresa batzordearen arabera, lantegia "bideragarria" da, eta, horrenbestez, ez du haren itxiera onartuko, eta horren bideragarritasunaren alde borrokatuko direla iragarri du, lantegiaren industria-proiektua eta enplegua bermatzeko.