Ekonomia -
Lan-gatazka
Lehen Arretan ostiralerako deitutako grebari eustea erabaki dute sindikatuek
Osakidetzako Mahai Sektoriala goizean bildu da, baina ez da urratsik izan eta, ondorioz, langileek grebara joko dute ostiral honetan.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Osakidetzako Lehen Arreta zerbitzuko lan-gatazka konpondu nahian, Mahai Sektorialak bilera egin du goizean, baina ez da inolako akordiorik izan, eta zuzendaritzak urratsik eman ez duela iritzita, sindikatuek ostiral honetarako deituta zuten grebari eustea erabaki dute.
Lanuztea Satse, ELA, LAB, CCOO, UGT eta ESK sindikatuek eta Lehen Arretako Arnasberritzen plataformak deitu dute. Ostiral honetakoa bigarren greba eguna izango da; izan ere, apirilaren 12ean egin zuten lehendabiziko lanuztea. Guztira, 5.000 langile inguru daude grebara deituta.
Sindikatuen aldarrikapen nagusia lantaldea handitzea da, langileek pazienteekin egoteko denbora gehiago izan dezaten.
Gaur, Eusko Jaurlaritzaren Gobernu Kontseiluak Lehen Arretako egiturazko lantaldea 46 lanpostutan handitzea onartu du, eta datorren urtean beste 40 lanpostu sortzea aurreikusita dago.
Hala ere, bi aldeek gaur goizean egindako bileran ez da inolako urratsik izan eta, ondorioz, sindikatuek greba deialdiari eustea erabaki dute.