Ekonomia -
Lan-erregulazioko espedientea
3.700 lanpostu deuseztatzeko eta 1.150 bulego ixteko asmoa du Santander bankuak
Prozesua ez da Santander eta Popular bankuen arteko integrazio teknologikoa bukatu baino lehen hasiko. Bat-egitea uztailean egitekoak dira.
Agentziak | Erredakzioa
3.700 lanpostu deuseztatzeko eta 1.150 bulego ixteko asmoaren berri eman die Santander bankuak sindikatuei. Bankuak lan-erregulazioko espedientea aurrera eramango du, "Popular bankua erosi ondoren, sarean bikoiztasunak daudelako eta transformazio digitalaren erronkei aurre egiteko".
Lan-erregulazioko planaren bigarren bilera egin dute astearte honetan, sindikatuetako iturriek jakinarazi dutenez. 1.150 bulego ixteko eta 3.700 lanpostu baino zertxobait gehiago deuseztatzeko asmoa azaldu die bankuak.
Bankuak planteatutako murrizketak merkataritza sareari eta bitarteko laguntza egiturei eragingo die gehienbat, baina baita zerbitzu zentralei ere.
Sindikatuetako iturriek zehaztu dutenez, Santander eta Popular bankuen arteko integrazio teknologikoa bukatu baino lehen ez da prozesua hasiko. Bat-egitea uztailean egitekoak dira. Horrela, akordioa maiatza eta ekaina artean ixtea litekeena da, uda ondoren aplikatzeko.
Ostegunean hirugarren bilera egingo dute. Santanderreko zuzendaritzak txosten teknikoa aurkeztuko du, berrantolaketa beharrizanen berri emateko.
Aurreneko bilera iragan astean egin zuten aldeek. Prozedura bankuen hitzarmen kolektiboko 12. artikulua jarraituz aurrera eramango dutela azaldu zuen zuzendaritzak. Berrantolaketa-prozesuetako irizpideak eta prozedurak laburbiltzen ditu artikuluak.
Langileen ordezkaritza zehaztu dute bileran. CCOOk bost kide izango ditu batzordean. Guztira, 13 ordezkari dira.
Zuzendaritzak deuseztatzeko asmoa duen lanpostuen kopurua "handiegia" eta "oso kezkagarria" dela uste du CCOOk. Era berean, bulegoen itxiera arriskutsua izan daitekeela ohartarazi du. Horregatik, bankuak planteatutako kopuruak murrizten saiatuko da.