Ekonomia -

USTEZKO IRREGULARTASUNAK

Maiatzaren 29rako deitu dute deklaratzera Maria Jesus Mujika Osakidetzako buru ohia

Lekuko gisa deklaratuko du Mujikak. Irregulartasunak salatu zituzten hiru anestesistetatik bik ere egun horretan bertan deklaratuko dute. Hirugarrenak, berriz, bezperan.

Maria Jesus Mujika, Osakidetzako zuzendari ohia, artxiboko irudi batean.
Maria Jesus Mujika, Osakidetzako zuzendari ohia.
Maria Jesus Mujika, Osakidetzako zuzendari ohia, artxiboko irudi batean.

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Osakidetzako Lan Eskaintza Publikoan ustez izan diren irregulartasunak ikertzen ari den epaileak maiatzaren 29rako deitu du deklaratzera lekuko gisa Maria Jesus Mujika Euskal Osasun Zerbitzuko zuzendari ohia.

Manoel Martinez eta Roberto Sanchez irregulartasunak salatu zituzten hiru anestesistetako bik ere egun horretan bertan deklaratuko dute, eta, hirugarrenak, Marta Machok, bezperan, maiatzaren 28an.

Zenbait sindikatuk salaketa aurkeztu ondoren, EAEko Fiskaltza Nagusiak ikerketa abiatu zuen, iazko ekainaren 5ean, Osakidetzaren lan eskaintza publikoaren 19 espezialitatetako probetan irregulartasunak izan ote ziren argitzeko.

Ikerketa horren ondoren, Anestesiologiako, Angiologiako eta Digestio zerbitzuetako sendagile arduradunek isilpeko datuak ezagutarazi izanaren zantzuak atzeman zituen fiskalak, eta hiru espezialitate horietako buruak inputatu gisa deklaratzera deitzeko eskatu zion epaileari, sekretuak ezagutarazteko delitua egon zitekeela iritzita.

Hala, fiskalak aurkeztutako salaketa tramitera onartu, eta, martxoan, Gasteizko epaitegi batek aipatutako hiru medikuak deklaratzera deitu zituen. Desleialtasun delituengatik eta isilpeko informazioa azaleratzeagatik deklaratu beharko dute, eta beste hamar sendagilek lekuko gisa eman beharko dituzte azalpenak epailearen aurrean.

Fiskaltzak bere idatzian jaso zuenaren arabera, hiru sendagile horiek prestatu zituzten ikerketapean dauden azterketetako galderak, eta kasu guztietan haiekin lanean zeuden oposiziogileek lortu zituzten emaitza onenak. Horregatik, filtrazio zantzuak antzeman dituzte.

Ikerketaren ardura duen epaile horrek berak, joan den astean, Gasteizko epaitegi batean irekita dagoen kausan pertsonatzeko eskaera ukatu egin zion Osakidetzari, eta Jaurlaritzak berehala aurkeztu du helegitea.

72.500 pertsona aurkeztu ziren iaz Osakidetzaren Lan Eskaintza Publikora, eta, jarritako salaketen ondorioz, hiru espezialitatetako bost azterketa errepikatzea erabaki zuten Euskal Osasun Zerbitzuko arduradunek.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Osakidetza Eusko Jaurlaritza Delituak Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak