Ekonomia -
Lan gaixotasunak
Amiantoak kaltetutakoen aldeko martxa egin dute trenbideetako langileek, Beasainen
Kaltedunentzako laguntzak eskatu dituzte Euskotreneko, CAFeko, Bilboko, Madrilgo eta Bartzelonako metroetako langileek.
agentziak | erredakzioa
Euskotreneko, CAFeko, Bilboko, Madrilgo eta Bartzelonako metroetako langileek amiantoaren biktimen aldeko manifestazioa egin dute Beasainen. Izan ere, CAF enpresan 37 hildako egon dira gaixotasunaren eraginez, eta arazoari aurre egiteko eskakizunak adierazi dituzte. CAFeko batzordearen esanetan, benetako kopurua altuagoa da.
Trenbideetako langileek kalte-ordainak eskatu dituzte amiantoaren biktimentzat. Era berean, enpresei eta administrazioei erantzukizunak eskatu dizkiete.
Besteak beste, honelako eskaerak aurkeztu dituzte: amiantoarekin, zuzenean edo zeharka, lan egin duten langileen eta enpresen zerrenda egitea eta patologiak atzemateko programa bat ezartzea.
Eskakizunak babesteko eta gizarteari amiantoaren inguruko “isiltasuna”-ri aurre egiteko helburua du manifestazioak.
Garbiñe Aranburu LAB sindikatuko idazkari orokorraren esanetan, substantzia 2002an debekatu zen, baina handik aurrera ez da gaixotasunari aurre egiteko planik garatu, “ez delako patronalen eta erakundeen lehentasuna”.