Ekonomia -
Lan gatazka
Bizkaiko etxez etxeko laguntza zerbitzuak greba egingo du maiatzaren 13tik 17ra
Lanuztea hasi baino lehen, langileek prekarietatearen aurkako manifestazioa egingo dute larunbat honetan, Bilbon. Hitzarmen kolektiboa 2015etik berritu gabe daramatzate.
Agentziak | Erredakzioa
ELA, LAB, UGT eta USO sindikatuek bost greba egun (maiatzaren 13tik 17ra) deitu dituzte Bizkaiko etxez etxeko laguntza zerbitzuan, prekarietate egoera eta soldatak zapi urtez "izoztuta" izan dituztela salatzeko. Horrela, lan baldintzek "okerrera" egin dutela ziurtatu dute.
Lanuztea hasi baino lehen, langileek manifestazioa egingo dute larunbat honetan, Bilbon, etxez etxeko laguntza zerbitzuko prekarietatearen aurka protesta egiteko. Protesta Moyua plazatik abiatuko da 11:30ean, eta Bilboko udaletxean bukatuko da.
Astelehenetik aurrera, grebarekin batera, Bizkaitik martxa bat egingo dute beharginek (gehienak emakumeak) hauteskunde kanpainan. Hitzarmen kolektiboa 2015etik berritu gabe daramatzate.
Sindikatuek gogorarazi dutenez, Bizkaiko udal nagusiek (Bilbo, Barakaldo, Santurtzi, Mungia edo Portugalete) mozioak onartu zituzten 2018an, kalitatezko zerbitzua bermatzea eskatuz. Nahiz eta udal gobernu guztiek mozioak onartu, "egun, inork ez du pauso txikienik ere eman hura betetzeko".
Horregatik, etxez etxeko laguntza zerbitzua defendatuko du martxak herrietan, "egoeraren erantzule diren udalei zuzenean interpelatuz".
"Lan baldintzen murrizketa are handiagoa da; izan ere, soldatek zazpi urte baino gehiago eman dituzte izoztuta, eta negoziazio mahaiak hilabeteak", salatu du sindikatuen plataformak agiri bateratu batean.
Bestalde, sektoreko langileen egoeran "udalen erabateko arduragabekeria" funtsezko beste arrazoi bat dela azpimarratu dute sindikatuek; izan ere, "zerbitzu publikoaren jabeak dira, eta lizitazioen bidez azpikontratatu eta lan baldintzei dagokionean beste alde batera begiratzen dute".
Azkenik, sindikatuek "gutxieneko zerbitzu neurrigabeak berriz salatu" nahi izan dituzte. Sindikatuen hitzetan, "Lan Sailak greba eskubidea zalantzan jarri du berriro, ia beharginen % 100ari eragiten baitie, eta kontrolik gabe eta opakutasunez antolatzeko aukera eman diete enpresei".