Ekonomia -
Eusko Legebiltzarra
Saltoki gune handiak mugatzeko proposamena tramitatzea onartu du Legebiltzarrak
EH Bildu, Elkarrekin Podemos eta Alderdi Popularraren botoekin onartu duten ekimena; EAJ eta PSE abstenitu egin dira.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Merkataritza gune handien ezarpena mugatuko duen lege-proposamena tramitatzen hastea onartu du gaur Eusko Legebiltzarrak.
Oposizioko taldeen (EH Bildu, Elkarrekin Podemos eta PP) babesarekin egin du aurrera ekimenak; EAJ eta PSE-EE, ostera, abstenitu egin dira. Eusko Jaurlaritzako alderdiek uste dute testu horrek ez duela Europako araudia betetzen eta orain eratuko den batzordean adituek esan behar dutena entzun nahi dute erabaki bat hartu aurretik.
2015ean, Auzitegi Gorenak bertan behera utzi zituen saltoki gune handiak ezartzeko edo zabaltzeko Eusko Jaurlaritzak 2004an jarritako baldintzak. Donostiako Garbera merkataritza guneak jo zuen auzitegira plan horren kontra eta horren harira eman zuen ebazpena Gorenak.
Epai hori baliatuta saltoki askok beren azalera handitzeko baliatu zutela kritikatu dute oposizioko taldeek. Horrela bada, orain tokiko dendak babesteko eta saltoki handiak ezartzea mugatzeko proposamena aurkeztu eta tramitatzen haste onartu dute.
Merkatari txikien hainbat elkarteetako ordezkariak izan dira Legebiltzarreko saioan eta begi onez hartu dute arau berria, sektorearentzat "onuragarria" izango dela iritzita.