Ekonomia -
Turismoa
'Turismoko joerak eta esperientziak', Expovacacionesen proposamen berria
Turismoan, gastronomian eta abenturan oinarritutako hainbat eskaintza egongo dira azokan, Barakaldoko BECen, maiatzaren 10etik 12ra bitartean.
agentziak | erredakzioa
Expovacaciones azokaren 40. edizioa Barakaldoko BEC Bilbao Exhibition Centren izango da maiatzaren 10etik 12ra. Hainbat urtez proposamen tradizionalak eskaini ostean, ekitaldiak kontzeptu berri bat erakutsi nahi du aurten, hain zuzen, kirola, gastronomia eta abentura oinarrian dituena. 'Turismoko joerak eta esperientziak' gunea gehitu du aurten aukeren zerrendan Expovacacionesek. BECen arabera, helmuga turistikoak aukeratzeko eredu berria da eta tokian tokiko gastronomia, ekintza eta bizipen ezezagunak ditu oinarrian.
Orotara, 228 parte-hartzaile egongo dira BECeko 3. pabiloian, eta bakoitzak bere sukaldaritza eta turismo eskaintzak erakutsiko ditu.
Eskaintza gastronomikoen artean Galiziako olagarroa, Extremadurako gazta, Mendabiako zainzuriak edo Andaluziako olioa dastatu ahalko dira. Era berean, bertara joaten direnek esperientzia gehiagorekin gozatzeko aukera ere izango dute; El Soplao kobazulora bidaia birtuala egiteko aukera, esaterako, Kantabriaren standean.
Nazioarteko parte-hartzea
Aurtengo edizioan, Irango Islamiar Errepublikak ere hartuko du parte; izan ere, turista kopurua laukoizteko asmoa du. Antolatzaileen esanetan, Iranen helburua, hain zuzen ere, 2025erako 20 milioi bisitari izatea da.
Bestalde, beste hainbat herrialde izango dira bertan ordezkatuta, euren proposamenak ezagutzera emateko; Dominikar Errepublika, Andorra, Txile, Frantzia, Suedia, Portugal, Erresuma Batua eta Maroko, besteak beste.
Green Spain
Euskal Autonomia Erkidegoak aurtengo edizioa aprobetxatuko du Kantabriarekin, Asturiasekin eta Galiziarekin duen Green Spain ekimena omentzeko, 30 urtez elkarlanean aritu baitira lurralde bakoitzaren eremu naturalak, kulturalak eta turistikoak sustatzeko.